EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Kanpaina hasiera
Gizartearen 'minei' heltzeko konpromisoa hartu du Pili Zabalak
Gainera, bizikidetza "baketsua" lortzeko eta "min bete daukagun motxila giza eskubideen aldeko kontzientzia bihurtzeko" bidean "pausoak" emateko deia egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pili Zabala Elkarrekin Podemos koalizioko lehendakarigaiak konpromisoa hartu du euskal gizartearen "minei" "irmo" heltzeko. "Enplegua eta desberdintasunak" jarri ditu min horien adibide gisa.
Gainera, bizikidetza "baketsua" lortzeko eta "min bete daukagun motxila giza eskubideen aldeko kontzientzia bihurtzeko" bidean "pausoak" emateko deia egin du.
Koalizio ezkertiarrak Gasteizen abiatu du irailaren 25eko hauteskundeetako kanpaina, "Por Euskadi. Jendearekin" leloa hartuta.
Zabalaren esanetan, koalizioa "alternatiba anitza" da, kolore askotako pertsonak baitaude bertan, eta erakundeek herritarrei "entzun" behar diete, ezagutu zein "kezka" dituzten eta "konponbideak" proposatu behar dituzte.
Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiak "miresmena" adierazi dio Pili Zabalari, eta aste gutxiren buruan lehen emakumezko lehendakaria izango dela aurreratu du.
Bestalde, Iñigo Martinez Arabako hautagai eta Ezker Anitzako Antolakuntza idazkariak "gogoak" agertu ditu koalizioaren proiektua "azaltzeko": "Proiektu askotarikoa dugu, eta helburua da herritar langileen alde jartzea politika, krisia pairatzen duten pertsonen alde jartzea, Euskadin gaitasun erreala baitugu guztiei bizimodu duina emateko. Hori da gure helburua".