EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainako laugarren eguna

Familia eta enpresen zerbitzura dagoen itun fiskala defendatu du PPk

EAJk gazteei begirako konpromisoak aurkeztu ditu; EH Bildu nekazariengana gerturatu da; PSE-EEk gizarte politika gehiago eskatu ditu eta Elkarrekin Podemos errefuxiatuei begira jarri da.

Alfonso Alonso. Argazkia: EFE
Alfonso Alonso. Argazkia: EFE
Alfonso Alonso. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetako laugarren kanpaina egunean Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta berriz hautatua izateko EAJren hautagaia denak gazteekin hiru konpromiso hartu ditu datozen lau urteei begira: alokairu partekaturako 1.000 etxebizitza eskaintzea, Heziketa Dualeko programan parte hartzen duten enpresa berriak bilatzea eta lau urtean 5.000 izatea, eta gazteen itzulera lortzeko egitasmo zehatza martxan jartzea. Ekimen horien guztien helburuak gazteen emantzipazioa bultzatzea eta gazteen lan munduratzea erraztea dira.

Urkullu gazteekin elkartu da gaur Bilboko Pedro Arrupe pasabidean eta bere proposamenak aurkeztu dizkie. Gainera, emandako hitza beteko duela adierazi du.

Euskal gazteei zuzendutako beste hainbat ekimen ere aipatu ditu Iñigo Urkulluk, hala nola, "Lehen Aukera" programako lan-praktikak, enplegua sustatzeko udal zein eskualde mailako egitasmoak edota enpresa publikoetako langileak berritzea.

Konpromiso horiek eta ekonomia zein enplegu alorreko beste batzuk gauzatu ahal izateko 8.500 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Iñigo Urkulluk datorren legegintzaldian.

Iñigo Urkullu lehendakarigaiak esan du % 50 handituko dituela familientzako diru-laguntzak.

Zornotzan egindako ekitaldi batean iragarri ditu jaiotzak, adingabeen eskolatzea eta gurasoen baimenak parekatzen joateko neurriak.

Familiei laguntzeko egitasmoaren baitan, Urkulluk 900 euro arteko laguntzak iragarri ditu lehenengo seme-alabagatik lehenengo urtean, eta "bigarren seme-alabagatik emandako laguntza apurka handitzeko" konpromisoa hartu du, "bitik hiru urtera", eta hirugarrenagatik 900 euroko laguntza zazpi urtera luzatzea.

Nekazaritza sektorean lanpostu berriak sortzeko plan integral bat defendatu du EH Bilduk

Jasone Agirre irailaren 25eko hauteskundeetarako EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuak nekazaritzako sektorean lanpostu berriak sortzeko egitasmo integrala bultzatzeko konpromisoa hartu du, beti ere, eragile eta erakunde ezberdinen parte-hartzea aintzat hartuta. Gainera, kulturari ezarritako "%21eko BEZ zergak dakarkigun gehiegizko gastua konpentsatzeko" neurriak hartzea proposatu du.

Agirre Gernikako azokan izan da gaur goizean EH Bilduko hainbat ordezkari alboan zituela, eta baserritarren eta nekazarien proposamenak eta kezkak entzun ditu.

Nekazaritzaren sektorea askotan "ahaztua" izan dela eta erakundeek tratamendu hobea eskaini behar diela esan ostean, nekazaritza eta baserritarrak inoiz galdu behar ez zuten tokira itzultzeko lan egingo duela azpimarratu du.

Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiak esan du EH Bilduren "lehentasuna lanpostu duinak" sortzea dela, eta koalizioak badakiela nola egin, hala erakutsi baitute Azpeitian eta Urola eskualdean, "2011ko krisiaren ondorioz shock egoeran" geratu ziren lekuetan.

Otegik Azpeitiko hauteskunde ekitaldian parte hartu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuarekin batera, eta eskualdeak "enpresen itxierei eta deslokalizazioei" aurre egin behar izan diela gogorarazi du.

"Argi eta garbi esaten dugu, lanpostuen sorkuntza, lanpostu duinen sorkuntza, EH Bilduren lehentasuna da, eta badakigu nola egin", berretsi du Otegik, Azpeitian, koalizioak agintzen duen herrian, "politika publiko eraginkorrekin langabeziak eragiten duen drama soziala bideratzea" lortu dutela adierazi aurretik.

Idoia Mendiak "justizia, elkartasuna eta berdintasuna" aldarrikatu ditu erabakitzeko eskubidearen aurrean

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiaren esanetan, Elkarrekin Podemos "ez da ezkerreko alderdi bat", Iñigo Urkullu "errealitatearen notario" bat da, eta gizarte politiken alde egin beharrean "aberria"ren alde egiten du EH Bilduk.

PSE-EEko militanteekin eta jarraitzaileekin egindako solasaldian Idoia Mendiak esan du erabakitzeko eskubidea ez dagoela euskaldunen kezka nagusien artean, eta "justizia, elkartasuna eta berdintasuna" printzipioen aldeko defentsa egin du.

Antonio Hernando PSOEren Kongresuko bozeramaileak Lasarte-Oriako ekitaldi politikoan parte hartu du gaur, Susana Corcuera PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuarekin batera.

Hernandok esan du biktimismoa ez dela "errentagarria politikan", nahiz eta "batzuekin biktimismo politikoaren errentagarritasuna atera nahi izan". "Biktimismoaren estrategiak, eta fronteenak, ezin dute arrakastarik lortu", azpimarratu du.

Bestalde, Susana Corcuerak EAJ eta Podemos kritikatu ditu, erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazioaren inguruko "mezu zaharrengatik", horrek "haustura arriskua" eragiten duelako euskal gizartean. Horren aurrean, "herritarren benetako beharren alde lan egiteko" apustua egin du.

Alfonso Alonsok itun fiskal berri bat proposatu du

Euskadik Espainiak baino "zerga presio" handiago duela adierazi ostean, Kontzertu Ekonomikoa "enpresen eta familien zerbitzura" jartzeko beharra azpimarratu du Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak. Helburu hori lortzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek zerga itun berria bultzatu behar dutela iritzi dio Alfonso Alonsok. Forum Europak gaur Bilbon antolatutako gosari informatibo batean, Euskadik enplegu sorreran eta ekintzailetzan "geldialdia" bizi duela salatu du.

Arratsaldeko ekitaldian, Gasteizen, Alonsok EH Bilduk, EAJk eta Podemosek hiriburuan egin zuten "galtzaileen itunarekin" haserre daudenen botoa eskatu du.

Lehendakarigaiak "indar handiz, amorruz" botoa emateko eskatu die herritarrei "garena berresteko, zeren gasteiztarroi ezin digute engainatu".

Elkarrekin Podemosek Euskadi harrera tokia izatea defendatu du

Euskadi "inor atzean geldituko ez den" eta errefuxiatuen harrera tokia izango den herri izatea nahi du Elkarrekin Podemosek. Egungo lurralde sistema eta erakundeak berritzeko beharra ere nabarmendu du koalizio moreak, beti ere, eskubide sozialak oinarri hartuta. Elkarrekin Podemos koalizioak Espainiako gerra zibilean erbesteratutako umeei eta mundu osoko errefuxiatuei lore eskaintza egin die gaur Santurtzin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Albisteak Urkullu EAEko hauteskundeak 2024 Idoia Mendia albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP Gaurko azken orduko albistea Alfonso Alonso bideoak Podemos Ahal Dugu Euskadi Pili Zabala albisteak