EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Gobernua osatzeko bilerak
EAJk ostegunean hasiko du bere bilera-sorta, EH Bildurekin batzartuta
Bileran, Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar izango dira EAJren ordezkariak; Arnaldo Otegi, Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte joango dira EH Bilduren izenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk ostegun honetan abiatuko du gobernua osatzeko bilera-sorta, EH Bildurekin batzartuta.
Ostiralean Elkarrekin Podemosekin bilduko dira jeltzaleak, astelehenean PSE-EErekin eta asteartean PPrekin. Batzar guztiak Bilbon egingo dituzte, Sabin Etxean, EAJren egoitza nagusian.
EAJk irabazi zituen Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak, Legebiltzarrak dituen 75 eserlekuetatik 29 eskuratuta. EH Bilduk 17 eserleku lortu zituen, Elkarrekin Podemosek 11, PSE-EEk bederatzi eta PPk beste bederatzi.
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak atzo iragarri zuen gaur jarriko zela alderdi guztiekin harremanetan, bileren datak zehazteko. Lehentasuna Jaurlaritza "sendoa eta egonkorra" eratzea dela eta bide horretan "aukera guztiak" irekita dituztela esan zuen.
Bilera-sorta ordezkaritza handiena lortu duen alderdiarekin hasi eta txikienarekin amaituko zutela ere jakinarazi zuen Ortuzarrek.
Esan bezala, EH Bildurekin ostegunean, 11:30ean, batzartuko dira. EAJren ordezkaritza Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ortuzarrek osatuko dute; EH Bilduren izenean Arnaldo Otegi, Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte izango dira.
Elkarrekin Podemosekin ostiralean bilduko dira, 11:30ean; Alderdi Sozialistarekin astelehenean, 12:30ean; eta Alderdi Popularrarekin asteartean, 13:00etan.