EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Apirilak 5
PPk Urquijo berreskuratu du EAEko hauteskundeetarako
Popularrek zazpi postu gorde dizkiete Ciudadanosekoei, baina bik bakarrik lortuko lukete Legebiltzarrera iristea 2016ko emaitzak errepikatuz gero.
agentziak | erredakzioa
PPk Carlos Urquijo legebiltzarkide izan zena eta Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkaria berreskuratu du Arabako zerrendarako. Urquijo, popularren sektore 'gogorreko'tzat hartzen dena, Arabako laugarren postuan joango da, Carmelo Barrio Legebiltzarreko egungo bozeramailearen, Laura Garridoren eta Jose Manuel Gilen atzetik, Europa Press albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Garrido da zerrendan sartu duten 'Alonsista' bakarrenetakoa, eta bigarren postuan gainera. Iñaki Oyarzabal PPren presidentea, berriz, 24. dago zerrendan. Bosgarrena Mari Carmen Perez de Ocariz da.
Beste Alonsista bat, Amaya Fernandez (PPren jarduneko presidentea eta idazkari nagusia EAEn) eta Anton Danborenea, legebiltzarkide ezaguna, ez dira Bizkaiko zerrendan agertu ere egiten.
PPk 9 legebiltzarkide lortu zituen 2016ko hauteskundeetan, horietako bost Araban, Bizkaian bi eta beste bi Gipuzkoan. Carlos Iturgaiz da Bizkaiko zerrendaburua, Carmelo Barrio Arabakoa, eta Muriel Larrea, Irungo Udaleko bozeramailea, Gipuzkoan.
Bizkaiko zerrendan, bigarren postuan, Luis Gordillo Ciudadanosen EAEko burua joango da, eta hirugarren postuan Raquel Gonzalez joango da, PPren Bizkaiko presidente eta Pablo Casadoren Exekutibako kidea.
Gipuzkoan, berriz, Muriel Larrea izango da buru, eta bigarren Jose Luis Arrue lurraldeko PPren jarduneko presidentea. Horien atzetik joango da Rocio Galiana Ciudadanosen ordezkari gisa.
Hori horrela, PPk zazpi postu gorde ditu Ciudadanosentzat, baina litekeena da bik bakarrik lortzea Eusko Legebiltzarrean eserlekua: Luis Gordillok (Bizkaiko bigarrenak) eta Jose Manuel Gilek (Arabako hirugarrenak).
Gainerakoak Olga Cavia (seigarren Bizkaian), Rocio Galiana, Iñaki Mendizabal (hirugarren eta seigarren Gipuzkoan), Gabriela San Vicente, Santos Andres Gutierrez eta Ruben Conejo (zazpigarren eta zortzigarren Araban) dira.