EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
HAUTESKUNDEEN AURRERAPENA
Alderdiek lehendakariak hartutako erabakia txalotu dute
Politikariak ez dira albistearekin harritu. Basagotik adierazi du erabakia espero zutela eta aurreikusten zela.
Erredakzioa
EAJ
Joseba Egibar legebiltzarreko EAJren bozeramailearen ustez, hauteskundeak aurreratzeak “iparra galduta” dabilen Gobernu “ahul” baten “agoniaren amaiera” dakar. “PSEk ez du aurreikuspenik bete, ez eta defizit helburua ere, eta oinordetzan hartu duen zorra % 8,6 gainditu du”, esan du Egibarrek Donostian eman duen prentsaurrekoan.Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, berriz, “bazen garaia” azkenean Gobernuak “albiste on bat” emateko.
PSE-EE
Jose Antonio Pastor euskal sozialisten bozeramailearen ustez, urriaren 21eko hauteskundeetan euskaldunek “ongizate estatua eta autogobernua” dute jokoan, eta sozialistek horiek “zorrotz” defendatuko dituztela adierazi du.Batzuek krisitik ateratzeko beste eredu bat dutela esan du, baina sozialisten ereduak “elkartasuna, justizia soziala, autogobernuaren defentsa eta euskaldun guztien ongizatea” babesten dituela azpimarratu du.
PP
EAEko Alderdi Popularreko buruaren iritziz, lehendakariak hartutako erabakia “espero zuten eta aurreikusten zen”; izan ere, “Patxi Lopez irtenbiderik gabe” zegoen, Basagoitiren aburuz.Horrez gain, lehendakariak albistea eman duen modua kritikatu du. “Hauteskunde kanpainako mitin bat zirudien”, esan du.
Aralar
Aralarren ustez, Patxi Lopezek hartutako erabakia “lege-agindu” bat zen. Euskaldunei murrizketei aurre egingo dien “gobernu indartsu bat aukeratzeko parada” emango diela uste du alderdiak. “Duela hiru urte eta erdi ez bezala, ez da egongo, EH Bilduren indarra oztopatuko duen tranparik”, baieztatu du Patxi Zabaleta buru duen alderdiak; eta gaineratu du, “gizartearen parte inportante bat baztertu” zutela, “aurrez aurreko gobernu bat” osatzeko helburuarekin.
EA
Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasuneko legebiltzarkideak hauteskundeak aurreratzearen albistea “berandu” datorrela uste du, eta gaineratu du, “PSEk hauteskunde kanpaina osoa egin duenean” eman dutela albistea.Horrez gain, datozen hauteskundeen garantiza nabarmendu nahi izan du, EH Bildu baita “benetazko aldaketa” ekar dezakeen alderdi bakarra”.
Ezker Anitza-IU
Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasuneko legebiltzarkideak esan duenez, hauteskundeak aurreratzearen albistea “berandu” dator, eta “PSEk hauteskunde kanpaina osoa egin duenean eman dute albistea”, adierazi du.
Horrez gain, datozen hauteskundeen garrantzia nabarmendu du, eta “benetako aldaketa ekar dezakeen alderdi bakarra EH Bildu da”, esan du.
UPyD
UPyD alderdiko Euskadiko bozeramaileak, Gorka Maneirok baieztatu du, urriaren 21eko hauteskundeetan, UpyD “alderdi konstituzionalista bakarra” izango dela, nazionalistekin eta hala portatu direnekin alderatuta. PP eta PSE-EEri buruz ari zen. Maneiroren ustez, Lopezek “ez du Euskadik behar zuen aldaketa ekartzen jakin”. Nazionalismoaren agindupean urteak egon ostean, “PSE-EE eta PP eskutik helduta joan diren arren, ez dute euskal gizartera aldaketarik ekarri”, deitoratu da.
EH BILDU
Euskal Herria Bilduk ez du adierazpenik egin. Asteazkenean, Laura Mintegi alderdiko buruak balorazioa egingo du.
EB
Ezker Batua-Berdeakek komunikatu batean adierazi du hauteskundeak urriaren 21era aurreratzea “gerta litekeen gauzarik onena” dela; izan ere, “agintzen ez duen Eusko Jaurlaritza baten aurrean gaude, eta Madrilgo PPk erabakitzen dituen neurri sozioekonomikoen menpe dago”, horren arabera.
Alternatiba
Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak komunikatu batean adierazi du hauteskundeen aurrerapenak “eusko legebiltzar demokratiko bati ateak irekitzen dizkiola, indar politiko guztiak ordezkatuta” egongo direlako. Gainera, Patxi Lopez lehendakariak hartutako erabakiarekin, “murrizketa sozialetan duen ardura ezkutatu” nahi duela uste du.
Ezker Abertzalea
Maribi Ugarteburu Ezker abertzaleko bozeramaileak uste du “hauteskunde-iruzurretik jaiotako legebiltzarra dizolbatzeko ordua zela”, “errealitate soziopolitiko faltsu bat desegiteko ordua” alegia.