EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
A-21
Igandeko hauteskundeetan parte-hartzeari buruzko datu errealak eskainiko dituzte, lehen aldiz
Orain arte, estimazioak eskaini izan dituzte. Bestalde, lehen zenbaketen emaitzak 21:00ak aldera emango dira eta, ordu t'erdi ondoren, atzerriko bozen faltan, ezagutuko da Eusko Legebiltzarraren argazki berria.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak prest du makinaria guztia igandeko hauteskunde egunerako. Berrikuntzen artean, emaitzak modu "seguruagoan eta fidagarriagoan" bildu, prozesatu eta zabaltzeko aplikazio informatiko berria dago. Hala azaldu du Goiatz Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak, goizean Gasteizen egin duen agerraldian.
Hauteskunde eguneko antolaketaren berri eman du Aizpuruk, eta esan duenez, 22:30erako 2.695 hauteslekuetako botoak % 100 zenbatuta izatea aurreiskusten dute. Aurreko urteotan ere, gutxi gorabehera, ordu horretarako jakin izan dira emaitzak. Beraz, aplikazio berriak ez du ekarriko datuak azkarrago zabaltzea. "Denborarena optimizatuta genuen lehendik ere", erantsi du.
Parte-hartzea
Aplikazioa berritzearekin — aurrekoa "zaharkituta" geratu zen — beste aldaketa batzuk egiteko aprobetxatu dute, esate baterako, parte-hartze datuaren ordua atzeratzea. Igande honetatik aurrera, datua 13:00etan eta 18:00etan emango da, aurreko hauteskundeetan 12:00etan eta 17:00etan eskaini da.
Bestalde, parte-hartzeari buruzko datua (publikoki 14:00etan eta 19:00etan emango dute haren berri) ez da orain arte bezala "estimazio" bat izango, baizik eta benetakoa, eta lehen aldiz udalerrien, elkargoen eta mahaien araberakoa izango dira parte-hartzearen datuak.
Hauteslekuen itxiera
20:00etan hautestontziak itxiko dira eta ordubete geroago Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak prentsaurrekoa emango du, lehen emaitzak % 18tik gorako zenbaketarekin emateko. Ehuneko horretatik behera, ulertzen da datuak "ez direla azken emaitzaren isla, alborapen handia duten mahai txikietakoak aurrenak sartzen direlako", baina portzentaje horretatik gora, ordezkarien banaketa "ez da behin betikoa, baina bai azken emaitzekiko fidelagoa".
22:30ean, hau da, hauteslekuak itxi eta bi ordu erdira, behin-behineko emaitzak emango dira, hautestontzietako boto-txartelen eta posta bidezko bozen % 100ean zenbatuta. Halaber, lurralde bakoitzeko azken eserlekua zein indar politikori esleitu zaion eta hurrengoak eserleku hori kentzeko zenbat boto behar dituen ere jakinaraziko da.
Lurralde Historiko bakoitzeko Hauteskunde Batzordeek atzerriko botoa baliozkotu ondoren, emaitzak behin betikoak izango dira, eta ostiralean bertan, hilak 26, jakinaraziko dira, segur aski arratsaldean.