EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Bilera-sorta
Gazteak kontratatzeko kuota bat proposatu du enpresentzat EH Bilduk
Koalizio abertzaleak Euskadiko CCOOri euskal subiranotasunaren aldeko apustua helarazi dio, eredu ekonomiko eta sozial berri bat ezartzeko.
Erredakzioa
EH Bilduk eta CCOO sindikatuak "akordioetara iristeko topalekuak" bilatuko dituzte, Laura Mintegi koalizio abertzalearen lehendakarigaiak sindikatuko ordezkariekin bildu ostean azaldu duenez.
CCOO bilera-sorta egiten ari da alderdi politikoekin egoera ekonomikoaren inguruko "ikuspuntuak trukatzeko", eta gaur hasi du bilera-sorta hori, EH Bildurekin. Sindikatuak enpleguaren, negoziazio kolektiboaren eta lan-harremanen inguruan dituen zalantzak helarazi dizkio koalizio abertzaleari, Unai Sordo idazkari nagusiak jakitera eman duenez.
Sindikatuak "agente politikoen, ekonomikoen eta sozialen arteko elkarrizketa sustatzeko topalekuak" bilatzeko asmoa agertu die eta koalizio abertzaleak bat egin du ideia horrekin.
Bileraren ostean emandako prentsaurrekoan Mintegik azaldu duenez, "lehenengo hartu-emana izan da gaurkoa, gehiago etorriko dira, eta akordioak lortzeko topalekuak bilatzeko bidean gaude".
Bileran EH Bilduk "krisitik ateratzeko" dituen "neurri zehatzak" azaldu omen ditu. Oskar Matute EH Bilduren ordezkariak esan du "bizi dugun larrialdiko egoeran beharrezkoa da" neurri sozioekonomikoei lehentasuna ematea eta sindikatuek dituzten proposamenak jakitea.
Enpresek gazteak kontratatzeko kuota izatea proposatu du Gazteen arteko langabeziari amaiera jartzeko EH Bilduk gazteak kontratatzeko kuota izatea proposatu du, Laura Mintegi koalizioko lehendakarigaiak azaldu duenez.
Mintegik eta EH Bilduko hautagai gazte batzuek alderdi politikoak Legebiltzarrari begira eskaintzen dituen neurriak aurkeztu ditu.
Enplegua EH Bilduren gazteen programako puntu garrantzitsuenetako bat izango da, besteak beste, honako hau proposatu du: lanaldia 35 ordukoa izatea eta erretiroa hartzeko adina jaistea "belaunaldiaren errelebuari lekua emateko", azaldu du Mintegik.
"Enplegu-emaileek gazteak kontratatzeko kuota bat izatea" EH Bilduren beste proposamenetako bat da. Datorren legealdian gazteentzako lege berri bat planteatuko du.