EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Hauteskunde kanpaina

Alderdiek gauerdian abiatuko dute kanpaina, ETA gabe lehenengoz

Krisi ekonomikoa eta autodeterminazioa eta Estatu eredua izango dira hauteskunde kanpainaren ardatzak.

Patxi Lopez (PSE), Iñigo Urkullu (PNV), Antonio Basagoiti (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Raquel Modubar (EB) eta Gorka Maneiro (UPyD). EITB
Patxi Lopez (PSE), Iñigo Urkullu (PNV), Antonio Basagoiti (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Raquel Modubar (EB) eta Gorka Maneiro (UPyD). EITB

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdiek gaur gauerdian abiatuko dute urriaren 21eko hauteskundeen kanpaina. Kanpainaurrea oso luzea izan da; izan ere, uda aurretik hasi zen, Patxi Lopez lehendakariak abuztuaren 21ean hauteskundeak aurreratu baino askoz lehenago.

Hain zuzen ere, lehen hauteskunde kanpaina izango da ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik. Hauteskunde hauetan, gainera, ezker abertzalea Eusko Legebiltzarrera itzuliko da, EAEko mapa politikoa goitik behera aldatuta.

PSE-EErentzat, kanpaina Lehendakaritzatik abiatuko duen lehen aldia izango da, eta, horrenbestez, EAJrentzat oposiziotik egingo duen aurrenekoa.

Batik bat, bi ardatz izango ditu kanpainak: krisi ekonomikoa (Euskadiko langabezia tasa Estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da, baina 2009ko hauteskundeetakoa baino handiagoa) eta autodeterminazioari eta Estatu ereduari buruz Katalunian sortutako eztabaida.

EHUren azken Euskobarometroaren arabera, EAJ da hauteskundeetako faborito, baina EH Bildu gertu izanda, eta Legebiltzarrean lau indar politiko baino ez dira izango: aipatu biak, PSE-EE eta PP. UPyD eta Ezker Batua, beraz, kanpo geratuko ei dira.

Ezker Batua eta Ezker Anitza estreinakoz lehiatuko dira elkarren aurka, ezkertiar federalisten botoa erakartzeko. Aurreko legegintzaldian alderdi bakarra ziren, baina Mikel Arana legebiltzarkidea eta hainbat militante bereizi egin ziren, eta Ezker Anitza sortu zuten.

LEHEN EKITALDIAK

EAJk Donostiako Katalunia Plazan abiatuko du hauteskunde kanpaina. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakarigaiak hitz egingo du.

PSE-EE Gasteizen izango da. Patxi Lopez lehendakari eta karguan jarraitzeko hautagaiak mitina eskainiko du Jardines de Uleta hotelean.

Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaiak Bilbon hasiko du kanpaina, zerrendakideekin batera.

EH Bildu ere Arabako hiriburuan izango da, Probintzia plazan hain zuzen ere. Bertan, Laura Mintegi lehendakarigaia eta beste hainbat hautagai arituko dira.

Gorka Maneiro UPyDko lehendakarigaia Francisco Sosa Wagner eurodiputatuarekin batera izango da, Gasteizko egoitzan.

Ezker Batuak Bilboko egoitzan ekingo dio kanpainari; Raquel Modubar lehendakarigaia eta Jose Navas eta Alba Gutierrez Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak izango dira bertan.

Mikel Arana Ezker Anitzaren lehendakarigaiak ere alderdiak Bizkaian duen egoitzan hasiko du kanpaina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea