EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Eztabaida ETB-2n
Euskal alderdi nagusiak, independentziaren inguruan zatituta
ETBko lehenengo hauteskunde-eztabaidan, alderdi abertzaleek egungo egoera “amaituta” dagoela esan dute; konstituzionalistek, aldiz, Estatutuaren eta Konstituzioaren onurak nabarmendu dituzte.
O.J./I.G.
EAJ, PSE-EE, EH Bildu, EB eta UPyD alderdietako ordezkariek ETBko lehenengo hauteskunde-eztabaidan parte hartu dute, eta Euskadirentzako egoera instituzionalaren aurrean dituzten proposamenak babestu dituzte, elkarrizketaren laugarren blokean.
Kataluniako independentismoaren loraldia eta Eskozian 2014an egingo duten erreferenduma hizpide hartuta, hautagaiek gai horri buruzko proposamenak aurkeztu dituzte. Alderdi abertzaleek egungo eredua "agortuta" dagoela esan dute; konstituzionalistek, aldiz, Gernikako Estatutuaren eta Konstituzioaren onurak nabarmendu dituzte; hausturak Euskadira "hondamendia" ekarriko lukeela nabarmendu dute.
Andoni Ortuzarrek (EAJ) azaldu duenez, bere alderdiak "jantzi berria, XXI. mendeko Europako modara egokitua" babestuko du, eta alderdi politiko guztiak biltzen dituen "paktu handia" bultzatuko du. Ortuzar bat etorri da Oskar Matute EH Bilduko ordezkariarekin "Estatua Euskadirentzat karga bat" dela esaten, "Euskadi hobeto egongo litzakeelako bere kabuz".
Jeltzaleen ordezkariak esan duenez, EAJk ez du "ezer egingo inoren kontra", eta "Euskadiren alde egingo duen paktu bat" defendatuko duela gaineratu du. "Ez gara inoren kontra ezer egiten ari, zuek ere hobeto bizitzeko izango da", erantzun dio Gorka Maneiro UPyDko hautagaiari.
EAJk "akordio politiko berri" baten alde egingo du, "estatus berria" lortzeko, Euskadirentzat autogobernu gehiago ekartzen duena, adierazi du Ortuzarrek. "Euskal herritarren artean akordio handi bat lortzean" izango da hori, "orain hemen eserita gauden pertsonen artean, besteak beste". "Azkeneko galdera euskal gizarteak izango du", azpimarratu du.
Isabel Celaak (PSE-EE) Euskadirentzako autogobernu eredu "legala eta egonkorra" nahi du, "nagusiei pentsioak ordaintzen jarraitzea eta Ongizatearen Estatuari eustea ahalbidetzen duena".
Ortuzarren hitzei dagokienez, PSE-EEko ordezkariak esan du "Ibarretxeren Gobernuari" ekartzen dietela gogora. "Eta ez dugu horretara itzuli nahi, pobretu egiten gaituelako", nabarmendu du.
Euskadik independentzia lortzeko aukeren inguruan, Celaak "burujabetzarekin denbora galtzea" baztertu du, eta, pentsioetarako, Euskadik "1.000 milioi gehiago" behar izango lituzkeela azaldu du.
Arantza Quirogak (PP) Konstituzioaren eta Estatutuaren irudiak defendatu ditu, "negozio onak bi aldeek irabazten duten horiek dira, ez alde batek bakarrik, nazionalistek proposatzen duten moduan", gaineratu du.
"Espainian indarra izan behar dugu, Espainian lider izan, horrek emango baitigu benetan dugun dimentsioa, eta krisi ekonomikotik irtetera eramango gaitu", azpimarratu du.
Espainiatik irteteak eragin litzakeen ondorioen inguruan "gezurrik ez esateko" eskatu die Ortuzarri eta Matuteri.
Autodeterminazioari edo independentziari buruz, Oskar Matutek (EH Bildu) honako hau adierazi du: "Anakronikoa da Espainian Rajoyk autodeterminazioa Espainiari soilik dagokiola esatea". "Hori iraina da, eta demokraziaren aurka doa", esan du.
EH Bilduko hautagaiak esan duenez, "posible izatea edo ez euskal herritarrek erabakiko dute", eta Gernikako Estatutua une zehatz bateko erantzuna izan zela azaldu du.
Quirogari (PP) erantzunez Matutek adierazi duenez, "Espainia egoera egonkor batean dagoela esatea gorritzeko modukoa da", eta koalizio abertzaleak "Euskal Herriaren burujabetza osoa" babestuko duela azpimarratu du.
Ezker Batuak atxikimendu libreko federalismoaren alde egingo du, "Estatuko Gobernuek urratutako" Autonomia Estatutuaren aurrean.
Jose Navasek (EB) "autogobernuko kotarik altuenen garapena" proposatu du, bere hitzetan, "Euskadik eskumen gehiago izan nahi duelako".
Gorka Maneiroren (UPyD) ustez, "zentzugabekeria da" Euskadik lau Parlamentu izatea, eta Lurralde Historikoen Legea erreformatzearen alde egin du, "bikoiztasunekin eta gauza ez eraginkorrekin amaitzeko".
Euskadiren independentziaren inguruan, Maneirok esan du "hausturak" EAE "hondamendi ekonomiko eta sozialera" eramango lukeela.