EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U-21
Amaitu da kanpaina, gobernu itunak zabalik
Krisia, Estatu eredua eta autodeterminazioa izan dira ETAren mehatxurik gabeko lehen kanpainaren mintzagai nagusiak. Euskal alderdi guztiek izango dute ordezkaritza lortzeko aukera.
Maider Beistegi
Datorren igandeko hauteskundeetako garaileak gobernua osatzeko akordioa adostu beharko du ezinbestean. Izan ere, gaur arte argitara eman diren inkesta guztiek gehiengo osorik gabe irudikatzen dute hurrengo Legebiltzarra.
Iñigo Urkullu lehendakarigaiak buru duen EAJk irabaziko ditu bozak inkesten arabera (24 eta 27 eserleku bitartean izango ditu), baina gainerako alderdiekin akordioak lortu beharko ditu Ajuria Eneko hurrengo maizterra izan nahi badu. Bere alderdiak badu eskarmentua horretan; izan ere, behin agindu du EAJk bakarrik, hain justu, Legebiltzarrak 60 eserleku zituenenean. Gainerakoetan, behin-behineko akordioekin osatutako gobernuak edo koalizio gobernuak izan dira Euskadin.
Aukera guztiak zabalik daude, horrenbestez. Inkesten arabera, EAJk ez du aurreko hauteskundeetako (30 eserleku) emaitza lortuko, eta ezker abertzaleak inoizko emaitzarik onenak lortuko ditu igandean, EH Bildu koalizioarekin. 1998an 14 eserleku eskuratu zituen, eta 21 eta 22 eserleku inguru ematen dizkiote orain inkestek.
PSE-EEk eta PPk nekez gaindituko dituzte 2009ko emaitzak: inoizko emaitzarik onena izan zuen Patxi Lopezen alderdiak orduan (botoen % 30, 7 eta 25 eserleku) eta 14 eta 17 eserleku izango dituztela diote inkestek. PPk 146.148 euskal herritarren babesa (13 eserleku) jaso zuen eta igandean 9 eta 13 eserleku eskuratuko dituztela diote inkestek.
Alderdi txikiekin zer gertatzen den ere ikusmin da. Bost inkestetatik hiruk UPyDk Legebiltzarrean duen eserleku bakarri eutsiko diotela jasotzen dute.
Mikel Aranaren Ezker Anitzari dagokionez, berriz, inkesta gehienek indartuta ikusten dute Legebiltzarrean, eta 2 edo 3 eserleku ematen dizkiote.
Hiru mintzagai nagusi
Krisi ekonomikoa, autodeterminazioa eta Estatu eredua izan dira kanpainako izarrak. Hiru gai horien inguruan dituzten ibilbide orriak mahaigaineratu dituzte lehendakarigaiek ETBko bi kateetan egin dituzten lau hauteskunde eztabaidetan.
ETAren jardunik gabeko lehen kanpaina izan da. Horrez gain, Katalunian independentziaren aldeko mugimenduaren indarra eta Eskozian independentziaren aldeko erreferenduma egiteko akordioak oihartzun handia izan du euskal hauteskunde kanpainako mezuetan.
Hauteskunde kanpainiako azken ekitaldiak
EAJ
Bilboko La Casilla pabilioian egindako hauteskunde-kanpainako azken ekitaldian, Iñigo Urkullu EAJko lehendakariagaiak "igandean hautestontzi guztiak EAJren bozkez betetzea" eskatu du. Astelehenetik aurrera agenda zabaldu eta enplegua eta ekonomia suspertzeko akordio bat lortzeko dei egingo die Mintegi, Basagoiti eta Lopezi.
PSE-EE
Gasteizen ETAren biktimak oroitzen dituen monolitoaren aurrean, eta bere aldekoen konpainian egin du Lopezek azken ekitaldia. Terrorismoaren biktimen eredua betirako gogoratuko duela azaldu du Lopezek.
PP
Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak esan duenez, igandean PPri botua emateak Euskadiren etorkizunean lasaitasuna bermatuko du, eta orain Euskadin tunelaren amaiera ikusten ari den honetan, nazionalistak eta EH Bildu datozela salatu du.
EH Bildu
Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak esan duenez, koalizioa ez da "sigla batzuk batzea soilik", hauteskunde proposamen batekin, "askoz ere gehiago" da, "herri honentzako proiektua" da. Halaber, errespetatu beharreko "independentziarako eskubidea" babestu du.
UPyD
Rosa Diez UPyDko ordezkariak, igandeko hauteskundeen ostean parlamentu-talde propioa lortuko dutela esan du, bere alderdia abertzaleak ez direnek "dena hondatu dutenei ez bozkatzeko erabakia hartu dutenen babeslekua" izango delako.
EB
Ezker Batuakeko hiru zerrendaburuek (Raquel Modubar, Jose Navas eta Alba Gutierrez) agerraldia egin dute Bilbon, gaur bukatuko den hauteskunde kanpainaren balantzea egiteko. Bertan, botoa nori eman ez dakitenei etxean ez geratzeko eskatu die Modubarrek.
Ezker Anitza
Mikel Arana Ezker Anitza-IUko lehendakarigaiak esan duenez, bere alderdiak sorpresa emango du igande honetako hauteskundetan, eta "eskuinari festa hondatuko dioten" hiru aulki lortuko ditu.
Igandean, hauteskundeak
Larunbateko gogoeta eguna igarota, igandean Eusko Legebiltzarrean jesarriko diren legebiltzarkideen argazkia izango dugu. Eusko Jaurlaritza nork zuzenduko duen jakiteko gehiago itxaron beharko dugu, seguruenera.