EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskundeen ostean
EH Bildu alderdi guztiekin batzartuko da oinarrizko akordioak lortzeko
Laura Mintegi EH Bilduko buruak bilera-sorta egingo du datozen asteetan gainontzeko alderdiekin biltzeko. Hala ere, ez dago argi PPk eta UPyDk gonbidapena onartuko duten.
Erredakzioa
EH Bildu koalizioa gainontzeko alderdiekin bilduko da datozen asteetan oinarrizko gaietan (politika ekonomikoa, bake prozesua eta erabakitzeko eskubidea, besteak beste) akordioak lortzeko.
Laura Mintegi EH Bilduko buruak legegintzaldi berrirako "oinarriak" aurkeztu ditu Bilbon izandako prentsaurreko batean. Bertan, Maribi Ugarteburu (Izquierda abertzale), Juanjo Agirrezabala (EA), Rebeka Ubera (Aralar) eta Oskar Matute (Alternatiba) koalizioko kideekin izan da Mintegi.
Mintegik azaldu duenez, datorren astean EAJko arduradunekin bilduko da, izan ere, alderdi honi dagokio bilera-sortaren buru izatea, igandeko hauteskundeetan irabazlea izan zelako. Gainera, gainontzeko alderdiekin ere biltzen saiatu da EH Bildu baina koalizio honetako kideek ez dakite PPk eta UPyDk gonbidapena onartuko duten.
"Akordioak egiteko eskaintza alderdi guztiei egin diet", azaldu du Mintegik, "kontua da zertarako egiten diren akordioak, ez norekin". ETAko presoak Euskal Herrira hurbiltzea, espetxeetako politikaren eskumena transferitzea, "salbuespenezko araudiak" bertan behera uztea, alderdientzako mahaia sortzea eta Ertzaintzarako eredu berria sortzea dira, besteak beste, Mintegik aurkeztutako oinarriak.