Albisteak -
Soslaia
Ska Keller, Jose Boveren itzalpeko Berdeen hautagaia
Keller politikari alemaniar gazte bat da, islamiar eta immigrazio-gaietan aditua. 2009az geroztik eurodiputatua da.
G.P. | EITB.COM
Franciska 'Ska' Kellerrek (Guben, Alemania, 1981) islamiar, turkiar eta judu ikasketak egin zituen Berlingo Libre Unibertsitatean, eta sei hizkuntza hitzegiteko gai da.
Animalien defentsarako taldeetan parte hartu zuen gaztetatik eta apurka-apurka politikaren munduan barneratzen hasi zen.
2009tik eurodiputatua da. Europako Parlamentuan migrazioarekin eta Europar Batasunak Turkiarekin dituen harremanei lotutako gaiak jorratzen ditu. Espainian hainbat aldiz izan da. Afrikatik iristen diren etorkinen egoeraz nahiz Ceuta eta Melillako hesien egokitasunaz kezka agertu izan du.
Keller politikari gaztea da eta agertoki publikoak oraindik handi geratzen zaizkio, baina aurrez aurrekoetan oso ondo moldatzen da.
Europako Alderdi Berdearen primarioetan Europako Batzordeko presidentegai izateko aukeratu dute, Jose Boverekin batera. Europako hauteskundeetara begira egindako primarioetan, 11.791 boto eskuratu zituen, sindikalista frantziar historikoak baino 65 gehiago.