Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
Ezker Anitzak 'lana banatzea' proposatu du, baina soldatak jaitsi gabe
Koalizio ezkertiarrak lanpostuak sortzeko proposamenak aurkeztu ditu Durangon.
Erredakzioa
Ezker Anitza-Iratzarrik "lana banatzea" proposatu du, baina "soldata mantenduta".
Koalizio ezkertiarrak lanpostuak sortzeko proposamenak aurkeztu ditu asteartean, Durangon (Bizkaia), Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan egindako ekitaldi batean. Gainera, lanaldia "35 ordura" murriztea, "etekinak dituzten enpresetan kaleratzerik ez onartzea eta jubilazioa ez luzatzea" ere proposatu du.
Ezker Anitza-Iratzarrik "kontinenteko sindikatuek" sortutako eta "11 milioi lanpostu sortzea" aurreikusten duen Europako Inbertsio Estrategiaren aldeko apustua egin du. "Hauek dira euskal ezkerraren politikak, Kutxabanken pribatizazioa edo EiTBn EEErik onartzen ez duen ezkerra", adierazi du Leire Martinez hautagaiak.
"Industria eta langileak sufritzen ari dira. Hemen Durangaldean egoera ekonomikoa ez da ona, eta ez da ona izango Euskadin eta Bizkaian ditugun gobernu paliatiboak aldatzen ez baditugu, eta enpleguaren aldeko politikak eta politika sozialak benetan bultzatzen ez baditugu. Enpleguaren berreskurapena Europan hasten da", gaineratu du.
Bestalde, Iñigo Martinez hautagaiak "ekonomiak" baino gehiago "pertsonen beharrizanek" agindu behar dutela esan du.
"Kanpoko enpresen inbertsioen menpe ezin gara egon, ekonomiaren gaineko agintea hartu behar dugu eta produkzio eredu berri baterantz abiatu", proposatu du.