Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: EAJ
Verhofstadt: 'Europak ez du esku hartu behar eztabaida subiranistetan'
Europako Alderdi Demokrataren presidentegaia Urkullu lehendakariarekin, Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin eta Izaskun Bilbao hautagaiarekin bildu da.
Erredakzioa
Guy Verhofstadt ALDE Partyren eta Europako Alderdi Demokrataren (PDE) Europako Batzorderako presidentegaiaren ustez, Europar Batasunak ez luke esku hartu behar eztabaida subiranistetan, Kataluniako kasuan adibidez, debate hori "Espainiak eta Kataluniak" egin behar dutelako.
Verhofstadt Santurtzin (Bizkaia) izan da gaur, PDEk antolatutako Europaren Berrikuntzarako Foroan. Horrekin batera Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere izan da.
PDEren hautagaia elkarrizketaren alde agertu da, eta eztabaida subiranistetan herritarrek "parte hartu" beharko luketela iritzi dio.
Verhofstadtek eredu federala proposatu du Europarentzat, eta Europar Batasunean eskualdeek "zeregin oso garrantzitsua" dutela nabarmendu du. Horrenbestez, errefusatu egin du EB "superestatu" bihurtzea eta "dena Bruselan zentralizatzea". "Hori ez da, inola ere, nahi dudan Europa", berretsi du.
"Eskuduntzak ondo zehaztuta egon behar dira, Euskadi emaitza onen adibide da", aipatu du.
Bestalde, Andoni Ortuzarrek "Europa etorkizuneko aukera bakarra" dela adierazi du.
Buruzagi jeltzalearen aburuz, Europari ezetz esatea "astakeria" da, "ez baitago beste alternatibarik". Gainera, etorkizuna ezin dela "alderdi europar handien", hau da, "kontserbadoreen eta sozialdemokraten" esku utzi behar ohartarazi du, "status quoa eta iraganeko errezetak baino ez dituztelako defendatzen".
Verhofstadt atzo etorri zen Euskal Herrira, EAJren hautagaitza babesteko, eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Andoni Ortuzarrekin eta Izaskun Bilbao hautagai jeltzalearekin batzartu zen.