Albisteak -

Hauteskunde kanpaina: UPyD

Maneirok errefusatu egin du PSOEren eredu federal 'asimetrikoa'

UPyDko legebiltzarkidearen aburuz, PSOEren erreforma proposamenak "nazionalistak poztea baino ez du helburu".

UPyDren ekitaldia, Gasteizen. EiTB
UPyDren ekitaldia, Gasteizen. EiTB
UPyDren ekitaldia, Gasteizen. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak errefusatu egin du PSOEk proposatutako erreforma konstituzionala, helburua "nazionalistak poztea" dela argudiatuta.

EAEko UPyDko bozeramailea Gasteizen izan da, Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan, Manu Aguirre hautagaiarekin batera propaganda banatzen, eta, bertan, hizpide hartu du Ramon Jauregui PSOEko hautagaiak atzo egindako proposamena. Hain zuzen ere, Gorteak 2015. urtean desegitea proposatu du Jaureguik, Konstituzio federal berria adosteko.

Hori horrela, sozialistek "federalismoa zer den" ez dakitela kritikatu du Maneirok. Izan ere, PSOEren eredua "asimetrikoa" da, eta "hori ez da herritarren arteko berdintasuna bermatzen duen sistema federal bat".

UPyDko legebiltzarkidearen esanetan, eredu federalak simetrikoa izan behar du, eta oinarrizko eskuduntzek Estatuaren esku egon behar dute. Gainera, diputazioak kentzea eta hainbat udalek bat egitea proposatu du. "PSOEk nazionalistak pozteko egin du proposamen federal asimetrikoa, baina hori ezinezkoa da, nazionalistak aseezinak baitira", deitoratu du.

Bestalde, Manu Aguirrek eredu federal simetrikoa Europarentzat ere nahi dutela azaldu du. Horretarako, baina, "zerga batasuna ezinbestekoa da".

"Europan ezin dira bost irizpide fiskal egon; ezin da onartu Irlandaren elkarteen gaineko zerga % 12koa izatea eta Luxenburgo paradisu fiskala izatea", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea