Albisteak -

Hauteskunde kanpaina: EAJ

Bilbao: 'EAJ alternatiba sinesgarria da, PPren eta PSOEren aurrean'

Hautagai jeltzalearen esanetan, hainbat alderdi "egunkarietan txisteak" kokatzen saiatzen ari dira, proposamenak egin beharrean.

EAJk Jundizen egindako ekitaldia. EiTB
EAJk Jundizen egindako ekitaldia. EiTB
EAJk Jundizen egindako ekitaldia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Bilbao EAJren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak alderdi jeltzaleak Euroganberan izango duen eragina goratu du, eta PPren eta PSOEren ereduaren aurrean, "alternatiba sinesgarria" direla eta "emaitzak" izango dituztela gaineratu du.

Gainera, EAJ proposamenak egiten ari den bitartean, beste hainbat alderditako hautagaiak "egunkarietan txisteak" kokatzen saiatzen ari direla salatu du.

EAJk hauteskunde ekitaldia egin du ostegun honetan, Jundizen (Gasteiz), eta, bertan, Bilbao eta Ramiro Gonzalez batzarkidea izan dira.

Bilbaok hizpide hartu ditu alderdi batzuek egindako kritikak, hots, EAJk europarlamentari bakarra izango duela eta horrek indarrak kenduko diela. Hori horrela, hautagai jeltzaleak ALDE taldearen parte direla eta azken hauteskundeetan guztira 80 eserleku lortu zituztela gogorarazi du.

"Ez gaude bakarrik", nabarmendu du, eta, horren erakusle, Guy Verhofstadt ALDE taldearen Europako Batzorderako presidentegaiak azken egunetan bisita egin diela aipatu du.

Bestalde, Ramiro Gonzalezek 'opor fiskalak' aldarrikatu ditu, Europako Auzitegiak legez kanpokotzat jo zituen arren, eta diru-laguntza horiei esker "krisi sakon batetik" atera ahal zirela eta "alderdi gehienek" oniritzia eman zietela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea