Albisteak -

Hauteskunde kanpaina

Sozialistek eta eskuinak koalizioa egingo dutela dio Ezker Anitzak

Sozialistek eta kontserbadoreek boterea euren artean banatuko dutela salatu du koalizio ezkertiarrak.

Ezker Anitza-Iratzarri, Altzan. EiTB
Ezker Anitza-Iratzarri, Altzan. EiTB
Ezker Anitza-Iratzarri, Altzan. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker Anitza-Iratzarrik salatu egin du Europako hauteskundeen ostean sozialistek eta kontserbadoreek Europako Batzordeko karguak euren artean banatuko dituztela.

Koalizio ezkertiarrak ekitaldia egin du Donostia, Altza auzoan, eta, bertan, balizko koalizio horren berri Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak berak eman duela aipatu du Iñigo Martinez Zaton hautagaiak.

"Betidanik esan dugu horrelako zerbait gertatuko dela", ziurtatu du hautagaiak, eta, horregatik, Ezker Anitza-Iratzarriren alde bozkatzeko deia egin du.

"Europan eta Espainiako Estatuan nagusi diren bi alderdiek ordezkatzen duten botere kontserbadoreari aurre egingo dion kontraboterea eraiki behar dugu, ezin dugu onartu langileei bizkarra emanez eta finantza botereen mesedetan gobernatzen jarrai dezaten", azpimarratu du.

Bestalde, Martinezek Josu Bergara Sestaoko alkatearen hitzak hizpide hartu eta errefusatu egin ditu.

"Gaur dimisiorik ematen ez badu, orduan EAJri galdetu behar zaio bere kideen artean ekintza eta komentario arrazistak baimentzen jarraituko duen", esan du.

"Guk nahi dugun Europan jarrera horiek ez dute lekurik. Guztiontzako Europa eta Sestao nahi ditugu, politika publiko barne hartzaileak eta bizi baldintzak duinak posible eginez guztiok lekua izan dezagun. Ez dugu onartuko langileak zatitu eta arrazakeria bultzatzearen estrategia zahar hori", adierazi du Martinezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Batasun europarra Albisteak IU Europako hauteskundeak 2024 Alderdi politikoak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Ezker Anitza