Albisteak -

Europako hauteskundeak

Juncker hautagai 'onartezina' dela esan du David Cameronek

Herritarrek emandako iritzia “kontuan hartzeko” eskatu die Cameronek Europako buruzagiei, eta, horren harian, Juncker Europako Batzordeko presidentea izateko argudioak baztertzeko ere eskatu die.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Claude Juncker Europako Alderdi Popularreko zerrendaburua “hautagai onartezina” dela adierazi du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, Financial Times egunkariak jakitera eman duenez.

Ipar Irlandako hiru eurodiputatu izendatzea falta dira oraindik, baina asteburuko hauteskundeetan Cameronen Alderdi Kontserbadorea hirugarren geratu zen Europako hauteskundeetan. Guztira 19 eserleku lortu ditu (aurrekoetan baino zazpi gutxiago), botoen % 23,93 bereganatuta, laboralisten eta UKIP garaileen atzetik.

Behin emaitzak ezagututa, Cameronek Europako zenbait buruzagirekin elkarrizketak egin ditu, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin besteak beste. Hautestontzietan herritarrek emandako iritziak eta ikuspuntuak “kontuan hartzeko” eskatu die Cameronek Europako buruzagiei, eta, horren harian, Juncker Europako Batzordeko presidentea izateko argudioak baztertzeko ere eskatu die.

Europako agintariek bilera egingo dute gaur gauean hauteskundeetako emaitzak aztertu eta Europako Batzordea zuzentzeko hautagai bat bilatzeko.

Financial Times egunkariaren arabera, Juncker Europako Batzordeko presidente berria izatearen aurka agertu da Cameron. Erresuma Batuko lehen ministroaren ustez, “onartezina da” Juncker presidente izatea, horren ideiak eta proposamenak herritarrengandik oso urrun baitaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea