Europakoak 2024 -

EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

Youtuberra, komunikatzaile polemikoa eta ohikoa auzitegietan... Nor da Luis Alvise?

Gutxik espero zituzten atzo Se Acabo la Fiesta ultraeskuineko taldeak lortutako emaitzak. Luis Alvise elkarte horretako buruak UPyDn eta Ciudadanosen eman zituen aurreneko pausoak. Egun, ehunka milaka jarraitzaile ditu sare sozialetan.

Luis Alvise Perez, Se Acabo la Fiesta taldeko burua. EFE
Luis Alvise Perez, Se Acabo la Fiesta taldeko burua
Luis Alvise Perez, Se Acabo la Fiesta taldeko burua. EFE

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis "Alvise" Perez gaueko ezustekoa izan zen. Izan ere, "Se Acabo la Fiesta" taldeak 800.000 boto inguru bildu zituen, eta Espainiar Estatuko bozen % 4,5 eskuratu zituen. Emaitza horiei esker, Europako Parlamentuan hiru eserleku izango ditu, Orain Errepublikak koalizioaren maila berean. 

Baina... nor da Alvise?

Urte hasieran, youtuberrak iragarri zuen Europako hauteskundeetara "Alvise" izeneko alderdiarekin aurkeztuko zela. Hala ere, hauteskunde-legeak eta Barne Ministerioak galarazi egiten dute pertsona publiko baten izena erabiltzea, nahiz eta alderdiaren sustatzailea bera izan. Hortaz, azkenean, 'Se acabó la fiesta' hautesle elkartearekin parte hartzea erabaki zuen.

Luis Alvise Perez Sevillan jaio zen, 1990ean. Zientzia Politikoak eta Administrazio Publikoko ikasketak egin zituen UNED-en, eta politika munduan lehen urratsak boluntario gisa eman zituen UPyD alderdian. Ondoren, Leedseko 'Liberal Youth' taldean aritu zen.

2017an, Ciudadanosen afiliatu zen, Albert Riveraren alderdiari diruz laguntzeko, eta, ondoren, Valentziako Gorteetako talde parlamentarioko kabineteburua izatea lortu zuen, Toni Canto-rekin batera. Bi urte geroago, 2019an, Ciudadanosen gainbehera ikusita, modu independentean lanean hastea erabaki zuen. 

Bere burua analista eta aholkulari politiko gisa definitzen ditu Alvisek. Egun, milioi erdi harpidedun ditu bere Telegram kanalean eta 836.000tik gora jarraitzaile bere Instagram profilean. Hala ere, sare sozialetan egindako argitalpenek askotan justiziaren aurrera eraman dute.

2020an, Manuela Carmena Madrilgo alkate ohiak salaketa jarri zion, kalumniengatik. Hain zuzen ere, Alvisek sareetan zabaldu zuen Carmenak arnasgailu pertsonal bat jaso zuela bere etxean pandemian zehar, paziente asko ospitaleetan zain zeuden bitartean. Epaileak ebatzi zuen informazio hori faltsua zela, eta 5.000 euroko isuna agindu zion Alvesi. 

Oscar Puente Garraio ministroaren, Jose Luis Abalos ministro ohi sozialistaren eta Ana Pastor kazetariaren aurkako sare-argitalpenak ere justiziaren esku geratu dira.

Vox eta Desokupa enpresatik gertu izan da Alvise, eta PSOEren aurkako manifestazioak sustatu zituen Ferrazen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Europako Parlamentua Ultraeskuina