Hauteskunde Orokorrak -
Hauteskundeak A20
PPk Araba 'gaizki' tratatzen duela salatu du PSEk
Arabako sozialistek Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aurkeztu dituzte. Ekitaldi horretan, Arabako PPko ordezkarien jarrera kritikatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak salatu duenez, Espainiako Gobernuan zein Alderdi Popularraren zuzendaritzan gero eta Arabako ordezkari gehiago egon arren, ''gero eta txarrago'' doakio Arabari. Horren harian, Alfonso Alonso eta Javier Maroto kritikatu ditu, ez dutelako ekidin Forondako aireportuarekin ''tratu txarra'', ezta Garoña berriz irekitzeko mehatxua ere.
Larunbat honetan ekitaldia egin dute Arabako sozialistek, 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeetarako Kongresuko eta Senatuko zerrendaburuak aurkezteko. Javier Lasarte izango da Kongresukoa eta Julia Liberal, berriz, Senatukoa.
Hauteskunde horietara begira, Gonzalezek esan du Pedro Sanchez dela Mariano Rajoyren ''murrizketen ereduaren aurrean alternatiba bakarra''.
Horrez gain, PP Arabarekiko ''bihozgabea'' izan dela adierazi du, eta, horri lotuta, Arabako PPko ordezkariak kritikatu ditu, Forondako Aireportuko ''murrizketengatik'', Garoña berriz irekitzeko ‘’mehatxuagatik’’ eta Abiadura Handiko Trenarekiko bultzatzeko borondate ''eskasagatik''. Gonzalezek azpimarratu du Arabako ordezkariak daudela Espainiako Gobernuan eta PPren buruzagitzan, Alfonso Alonso, Javier Maroto eta Iñaki Oyarzabal aipatuta.