Hauteskunde Orokorrak -
7. eguna
PP: 'Ciudadanosi botoa ematea EAJren eta EH Bilduren mesederako da'
Espainiako hauteskunde orokorretako kanpainaren zazpigarren egunean, euskal alderdiek hainbat ekitaldi egin dituzte.
eitb.eus
EAJ
Mikel Legarda EAJren Arabako zerrendaburuak ohartarazi du abenduaren 20ko hauteskundeetan bi aukera baino ez daudela: Estatu mailako alderdiek proposatutako "birzentralizazioa" eta bere alderdiak egiten duen autogobernuaren defentsa.
Gasteizen, Legardak adierazi du "arrisku handia" dagoela Euskadin, Estatuko alderdiek krisia "aitzakia" gisa erabiltzen dutelako "boterea birzentralizatzeko" eta "estatu autonomikoa birrintzeko".
Horren esanetan, eskuduntzak Estatuari itzultzeko eztabaida mahai gainean dago, eta "hainbat alderdik elikatzen dute; PPk, Ciudadanosek, PSOEk eta Podemosek barne". Espainiako Gobernuak EAEren eskuduntzen aurka "helegite ugari" aurkeztu dituela ere ekarri du gogora.
Andoni Ortuzarrek esan du PSE eta PP ?jokoz kanpo? daudela Euskadin eta zalantzan dauden herritarren botoak EAJren, EH Bilduren edo Ahal Duguren esku amaituko dutela.
Eibarren egindako ekitaldi batean, Euskadiko Alderdi Popularra ?krisian? dagoela esan du, Arantza Quirogak dimisioa eman zuenetik. PSEren jarrera ere kritikatu du, EAJk eta PPrekin ituna egingo duela esateagatik.
?Badirudi zalantzan dauden herritarren botoak hiru alderdik soilik jaso ditzakegula: EAJk, EH Bilduk edo Ahal Duguk?, nabarmendu du.
EH Bildu
Jon Iñarritu EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak gaixorik dauden ETAko presoen "giza eskubideen urraketak" salatu ditu, eta hori "onartezina" dela ohartarazi du.
Giza eskubideen nazioarteko egunean Martuteneko espetxearen aurrean egindako ekitaldi batean, Iñarrituk gogorarazi du gaur egun 12 euskal preso "oso larri" daudela, eta hala ere espetxean jarraitzen dutela. Halaber, "Espainiako Estatuko 76 espetxetan 400 euskal preso sakabanatuta" daudela kritikatu du.
"Estatuak erabaki politikoa hartu du: presoen zigorra zorroztea, horien eta senideen mina areagotzeko eta euskal gatazka behin betiko konpontzea galarazteko", adierazi du koalizio abertzaleko hautagaiak.
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak esan du datozen hauteskundeetan ?ezinezkoa den erreformaren? edo ?haustura demokratikoaren? artean aukeratu beharko dutela herritarrek.
?Erreforma ezinezkoa dela esaten dugu, Estatua erreformatzea eta aldi berean gure herriaren eta gure gizartearen eskubideak bermatzea bateraezinak direlako?, azpimarratu du Lasarte-Orian egindako ekitaldian.
?Estatu espainiarra ez da zuzenbidezkoa, gero eta eskuindarragoa eta zentralizatzaileagoa da; beraz, aldebikotasunaz hitz egitea fantasia politikoa da?, kritikatu du.
PSE-EE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du ezin dela onartu "beste lau urtez Gobernuak herritarren arazoei bizkar emanez gobernatzea".
Irunen izan da buruzagi sozialista, eta, bertan, EAJk herri gipuzkoarra "ahaztuta" izan duela salatu du. "Jeltzaleek ez dute Euskadiko herritzat jo", gaineratu du, eta PSE-EE Eusko Jaurlaritzara iritsi zenean Irun "herrialde honetako politiken erdigunean" kokatu zela nabarmendu du.
PSE-EEko buruaren esanetan, sozialistek "erantzukizuna" izan dute oposizioan, eta EAJren Jaurlaritza "behartu" dute azpiegituretako aurrekontuak "egonkortzeko". AHTa eta Donostialdeko metroa jarri ditu horren adibide.
Isabel Cela Senaturako PSE-EEren hautagaiak esan du ezinbestekoa da Alderdi Sozialistak hauteskundeak irabaztea eta Espainiako Gobernua eskuratzea, ?lau urte hauek sufrikarioa izan direlako herritar gehienontzat?.
Bilbon egindako ekitaldi batean gogora ekarri du Mariano Rajoyk legegintzaldia hasi zuenean Gizarte Segurantzaren kutxan ?70.000 milioi euro? zeudela pentsionistei bideratzeko, ?baina gaur egun 30.000 milioi euro soilik? geratzen direla.
PP
Borja Semper PPren Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan, "orain krisitik ateratzen ari garenez, unea da azken lau urteetan gehien sufritu dutenei protagonismoa emateko". "Urte gogorrak izan dira herritar guztientzat, baina ahulenentzat bereziki", esan du.
Semperrek PPn "konfiantza izateko" eskatu die "nazionalista-ez nazionalista eta gorri-urdin binomioen gainetik" daudenei. Izan ere, "PPk ulertu egiten du XXI. mendeko eztabaidak alderdi politikoen endogamia gainditzen duela".
"Historia egiten duten proiektuek erronka handiak lortzeko helburuz ezberdin direnak batzen dituztenak dira. Euskal herritarrok historia egin dezakegu hurrengo legegintzaldian, eta Espainiako motorra izan gaitezke berriro", nabarmendu du Semperrek, eta "aniztasunarekin eroso daudenei" PPren alde bozkatzea eskatu die.
Javier Maroto Alderdi Popularraren Arabako hautagaiak Ciudadanosi botoa ez emateko eskatu die ?herritar ez nazionalistei?, ?espainiar eta euskaldun sentitzen garenon boto moderatua sakabanatzea suposatzen duelako eta horrek EAJri eta EH Bilduri mesede egingo liokeelako?.
?Kontzertu Ekonomikoa babesteko, ATH bultzatzeko eta enplegua sortzeko indarra eta ahalmena duen alderdi bakarra PP da?, azpimarratu du Gasteizen egindako ekitaldi batean.
Ahal Dugu
Ahal Duguk Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua gelditzea eta berrikustea proposatu du, "benetan bideragarria ote den" egiaztatzeko. Gainera, Estatu mailan mugikortasun planak abiatzea eskatu du, hirietan ibilgailuen erabilera murrizteko, hori baita kutsadura eragile nagusia.
Juantxo Lopez de Uralde Arabako zerrendaburuak salatu egin ditu azken urteetan PPk eta PSOEk sustatutako azpiegitura politikak. Izan ere, kostu ekonomikoa "erraldoia" da, eta eraginkortasun soziala eta ekonomikoa "kolokan" dago.
Horren ildotik, hautagai ekologistak garraio publikoa sustatzearen alde egin du, eta, horretarako, pobrezia edo bazterketa arriskuan daudenei tarifa doakoak edo "oso merkeak" ezartzea proposatu du. Halaber, garraio publikoaren eta aldiriko trenen lineak hobetzea ere aldarrikatu du.
Ezker Anitza - Orain Batera
Iñigo Martinez Zaton Ezker Anitza-Orain Batera alderdiaren Bizkaiko zerredanburuak Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinadoraren (CREUP) adierazpen bat sinatu du, "kalitatezko unibertsitate publikoaren alde".
Hautagai ezkertiarrak bere koalizioaren konpromisoak gogorarazi ditu; adibidez, inbertsioa BPGaren % 7ra igotzea derrigorrezko hezkuntzan, eta % 2ra unibertsitateetan.
Horrez gain, zentro pribatuekin sinatutako itunak kentzea, curriculum berria onartzea, eta hezkuntzaren sektoreko langileek baldintzak "duintzea" ere aipatu ditu.