Hauteskunde Orokorrak -
A20
PPk lehen postuari eutsiko dio, hainbat inkestaren arabera
Legearen arabera, hauteskunde aurreko inkestak kaleratzeko azken eguna da gaurkoa, eta Estatuko hiru egunkari nagusiek inkesta banarekin ekin diote egunari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi Popularrak lehen indarra izaten jarraituko du abenduaren 20ko Hauteskunde Orokorren ondoren, botoen % 27,5 eskuratuta, Sigma Dos inkesta-etxeak El Mundorentzat egindako galdeketaren arabera. PSOEk eskuratuko luke bigarren postua (% 20,3), Ciudadanosek hirugarrena (%19,6), eta Podemos laugarren indarra izango litzateke (% 18,4), aurreikuspen horiek betez gero.
Inkestak jasotzen duenez, PPk 114 eta 119 eserleku artean lortuko ditu, PSOEk 76 eta 81 artean, eta Ciudadanosek 62 eta 69 artean. Podemosek, berriz, 56 eta 60 eserleku artean eskuratuko ditu.
Izquierda Unidak botoen % 3,7 jasoko ditu, ERCk % 2,5 ( 9 eserleku), Democracia y Libertad alderdiak % 2,4 (9 eserleku), EAJk % 1,2 (5 eserleku) eta EH Bilduk % 1,1 (4 eserleku).
Abenduaren 1etik 9ra bitartean, 8.350 galdeketa egin zituen Sigma Dos etxeak, eta horien emaitzak dira gaur kaleratutakoak.
El Pais
PPri eman dio garaipena Metroscopiak El Paisentzat egindako inkestak ere. Horren arabera, PSOErentzat izango da bigarren lekua, eta hirugarren posturako Podemos eta Ciudadanos alderdien arteko lehia estua aurreikusten du galdeketa horrek.
Alderdi Popularrak botoen % 25,3 eskuratuko ditu (105-112 eserleku) eta PSOEk, berriz, botoen % 21 (85-94 eserleku).
Esan bezala, lehia estua egongo omen da Podemosen eta Ciudadanosen artean: Pablo Iglesiasen alderdiak botoen % 19,1 jasoko ditu (55-64 eserleku), eta Albert Rivera buru duen Ciudadanosek, botoen % 18,2 (53-67 eserleku).
UP-IUk botoen % 5 eskuratuko ditu (1-3 eserleku). Gainerako alderdien artean 29 eserleku banatuko dira.
Metroscopiak 2.800 elkarrizketa egin zituen abenduaren 7a eta 10a bitartean.
La Razon
NC Report inkesta-etxeak La Razonentzat egindako galdeketak ere garaipen garbia ematen dio Alderdi Popularrari, botoen % 29,9 eskuratuta, eta PSOEri 7,9 puntuko aldea aterata. Sozialistek botoen % 22 jasoko dute, horren arabera.
Horrela, PPk 125 eta 128 eserleku artean lortuko ditu, eta PSOEk (bigarren indarra) 88 eta 92 artean.
Horren esanetan, Ciudadanos izango da hirugarren indarra, botoen % 18,1 lortuta (52-56 eserleku), eta Podemos laugarrena, botoen % 15,3rekin (49-51 eserleku). EH Bilduk (% 1,1) eta EAJk ( % 1,0) seina eserleku lortuko ditute, emaitza horiek baieztatuz gero.
NC Report etxeak 3.000 elkarrizketa egin zituen abenduaren 9tik 12ra.