Hauteskunde Orokorrak -

Gogoeta eguna

Hautagaiek erosketak egiten, familian eta lagunartean igaro dute eguna

Hauteskunde bezperan lagunartean, familiarekin, Gabonetako azken erosketak egiten, edo kirolean ikusiko ditugu hautagaiak.

Familia giroan edo kirola egiten ikusi ditugu EAEko hautagaiak

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde bezpera gogoeta eguna izaten da, eta inguru neutralagoetan agertzen dira hautagaiak eta euren alderdietako buruzagiak. Gabonak ate-joka izanda, azken orduko erosketak egiteko baliatuko dute batzuek gaurkoa. Atsedena hartzeko, familiartean egoteko edo kirola egiteko besteek.

Mikel Legarda eta Aitor Esteban EAJren Arabako eta Bizkaiko hautagaiek Gabonetako erosketak egiteko aprobetxatuko dute. Joseba Agirretxea Gipuzkoako zerrendaburuak kirola egingo du, Adarra mendira igota.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak preso bat bisitatuko du, Iker Urbina Arabako hautagaiak korrika egiteko aprobetxatuko du eta arratsaldean Olentzeroren etorrera ikusiko du, familiarekin. Onintza Enbeita Bizkaiko hautagaiak, ostera, ohi legez igaroko du goiza, Gernikan lagunekin kafea hartu eta egunkariak irakurtzen. Gauean, Ruper Ordorikaren kontzertura joango da.

Patxi Lopez eta Odon Elorza PSE-EEren hautagaiek kanpainan laguntzailea aritu direnei bisita egingo die, egindako lana eskertzeko. Patxi Lopezek familiarekin bazkalduko du eta opariak erosiko ditu arratsaldean. Javier Lasarte hautagai arabarrak kirola egingo du eta gaur lanean ariko den emaztea bisitatzen joango da arratsaldean.

Alfonso Alonso eta Borja Semper hautagaiek familiarekin igaroko dute eguna, eta Leopoldo Barreda Bizkaiko zerrendaburua Nafarroara joango da, aitaren etxeko lanak gainbegiratzera.

Eduardo Maura Podemoseko Bizkaiko hautagaia zinemara joango da, ‘Star Wars’ filma ikustera. Nagua Alba Gipuzkoako zerrendaburuak familiartean igaroko du eguna eta futbolean ariko da lobekin. Juantxo Lopez de Uralde Arabako hautagaiak osteraldia emango du bizikletaz Gasteiztik.

Iñigo Martinez, Jon Hernandez eta Carlos Tejerizo, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Ezker Anitzako hautagaiek familiartean eta lagunekin igaroko dute gogoeta eguna.

Alderdietako buruzagiak

Kanpainan parte hartu duten alderdi politikoetako buruzagiek ere atsedena hartuko dute gaur. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak atsedena hartzeko eta erosketa batzuk egiteko baliatuko du goiza, eta ezkontza batera joango da arratsaldean.

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduren Legebiltzarkideak etxe-aldaketa egiten emango du eguna, Gasteizera joango baita bizitzera.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak semeekin igaroko du eguna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Albisteak IU Andoni Ortuzar bideoak Espainiako hauteskunde orokorrak Hasier Arraiz albisteak Idoia Mendia albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP berriak Alfonso Alonso bideoak Podemos