Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hasiera
Alonsok boto moderatua eskatu du Espainia arriskuan ez jartzeko
Borja Semper Gipuzkoako zerrendaburuak, bestalde, azpimarratu egin du hau dela "demokraziaren historiako kanpainarik garrantzitsuena".
agentziak | erredakzioa
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidente eta Kongresurako zerrendaburuak (Arabatik) ohartarazi duenez, ekainaren 26an Espainiak "etorkizuna du jokoan", hori dela eta, "moderazioa nahi duen gehiengo sozialari" eta "erdi mailako klaseari dena arriskuan ez jartzea" eta PPren aldeko botoa ematea eskatu die.
Euskadiko PPk Gasteizko Artium Museoan egin du kanpaina hasiera EAEko hiru zerrendaburuekin, alegia, Leopoldo Barreda Bizkaiko hautagaiarekin, Alfonso Alonso Arabako hautagaiarekin eta Borja Semper Gipuzkoako hautagaiarekin.
Alonsok ziurtatu egin du oraingo hauteskunde orokorrak "mugarri" direla, eta, besteak beste, elkarbizitza, segurtasuna, askatasuna eta egonkortasuna defendatu behar direla, baita ekonomiaren suspertzea eta enplegua ere.
"Horixe da zaindu nahi duguna eta babesten ez badugu arriskuan egoteko aukera badago, zantzuen arabera", abisatu du Alonsok, eta gaineratu du: "Jokoan dago benetan, eta gure esku dagoela sentitu behar dugu, baloratzen ez dena arriskuan jartzen delako".
Bestalde, Leopoldo Barreda Bizkaiko zerrendaburuak PPren aldeko botoa "batzea" eskatu du, "atzera ez egiteko, askatasunari uko ez egiteko, sektarismoan ez erortzeko, demokrazia baztertu muturreko jarreratara joateko eta susperraldia abandonatu langabezia handitzeko".
Azkenik, Borja Semper Gipuzkoako zerrendaburuak ere azpimarratu duenez, hau da "demokraziaren historiako kanpainarik garrantzitsuena", orain baitirudielako "indarra batzen ari direla bestelako eredurik ez dutenak, baizik eta 40 urtez askatasunean, aurrera egiten eta bakean lortu dena suntsitzeko eredua dutenak".