Hauteskunde Orokorrak -
E26ko hauteskunde orokorrak
Gaur bukatuko da posta bidez bozkatzeko eskaria egiteko epea
Abenduko hauteskundeekin alderatuta, ia bikoiztu egin da posta bidezko boto eskaera.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Estatuan bizi diren boto-emaileek gaur, hilak 16, dute azken eguna hauteskunde orokorretan posta bidez botoa emateko eskaera egiteko. Bozkatzeko behar den dokumentazioa jasotakoan, hilaren 22ra arte izango dute botoa emateko.
Uda sasoian egingo dira hauteskundeak, eta horregatik, akaso, herritar askok posta bidez bozkatzeko hautua egin dute. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuaren jarduneko Barne ministroak emandako azken datuen arabera, dagoeneko, eta epea amaitzeko ordu gutxiren faltan, 1,250 milioi pertsonak egin dute eskaria, abenduaren 20ko bozetan ia halako bi (780.000 herritarrek egin zuten aukera horren aldeko hautua ordukoetan).
Nola egin?
Botoa posta bidez emateko eskaria egiteko, postetxera joan behar da herritarra, han dagokion inprimakia eskatu, eta hura beteta aurkeztu, nortasun agiriarekin identifikatuta (ez du fotokopiarik balio).
Posta zerbitzuak Hautesle Errolda Bulegora bidaliko du eskaera, eta honek errolda zerrendan oharra egingo du. Izan ere, posta bidezko eskaria egiten duen herritarrak ezingo du hauteskunde egunean zuzenean bozkatu.
Segidan, bozketa egiteko behar diren dokumentuak bidaliko dizkiote boto-emaileak esandako helbidera posta ziurtatu bidez (berak jaso beharko du, eta etxean ez balego, postetxera joan beharko du bila). Hauek jasoko ditu: gutun-azal bat eta hauteskundeetara aurkezten diren alderdi guztien boto-paper bana. Bere botoa eta errolda agiria sartu beharko ditu gutun-azalean, eta dokumentazioa berak eraman beharko du postetxera. Hilaren 22ra arte dago posta bidez botoa emateko.
Gutun-azalok Posta Zerbitzuak gordeko ditu hauteskunde egunera arte. Ekainaren 26an, 09:00etan, dagokion hauteskunde-mahaira bidaliko ditu, eta hauteslekuak ixten dituztenean zabalduko dituzte.