Politika -
SOZIOMETROA
Unidos Podemosek irabaziko lituzke EAEn hauteskunde orokorrak
Unidos Podemosek 7 eserleku lortuko lituzke, eta EAJk 5. EH Bilduk, PPk eta PSE-EEk, bina. Bestalde, hauteskunde autonomikoak EAJk irabaziko lituzke EAEn, 24 eserlekurekin. Atzetik, EH Bildu, 18rekin.
IDOIA ALBERDI | EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak boto-asmoa ezagutzeko egin berri duen azken soziometroaren arabera, Unidos Podemosek irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan ekainaren 26ko hauteskunde orokorrak. Hauteskunde orokorretarako eta autonomikoetarako boto-aurreikuspenari buruzko inkesta kaleratu du gaur Prospekzio Soziologikoen Kabineteak.
Horren arabera, Pablo Iglesiasek eta Alberto Garzonen zuzendutako koalizioak 7 eserleku lortuzko lituzke EAEn ekainaren 26ko bozetan, orain Podemosek dituenak baino bi gehiago. EAJk 5 eskuratuko lituzke, bat galduta. EH Bildu eta PP bina eserlekurekin geratuko lirateke, iazko hauteskundeetan lortutako kopuru berbera, eta PSE-EEk ere bi lortuko lituzke, bat galduta.
Lurraldeka, honako emaitzak lortuko lituzkete alderdiek, inkestak jaso duenez:
Bizkaian, Unidos Podemosek irabaziko luke, botoen % 29,9 eta 3 eserleku lortuta. Atzetik, EAJ legoke, botoen % 27 eta 2 eserlekurekin. PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk diputatu bana eskuratuko lukete lurralde honetan. Botoen % 13,6 jasoko lituzkete sozialistek; % 12,4, ezker abertzaleko koalizioak, eta % 11,6, popularrek.
Gipuzkoan, Unidos Podemos izango litzateke lehen indarra, botoen % 28,6 eta 2 eserleku eskuratuta. Jeltzaleek ere, bi diputatu lortuko lituzkete Gipuzkoan, botoen % 22,9 eskuratuta. EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, ordezkari bana lortuko lukete, botoen % 21,5 eta % 13,2 jasota, hurrenez hurren.
Eta Araban ere, Unidos Podemosek irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak, botoen % 31,1 eta bi diputatu bereganatuta. Alderdi Popularrak (% 19,4) eta EAJk (% 16) eserleku bana lortuko lukete. PSE-EEk (% 14,9) eta EH Bilduk (% 11) ez lukete ordezkaririk erdietsiko lurralde honetan.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako boto-asmoari buruz ere galdetu diete herritarrei. Inkestak utzitako emaitzen arabera, EAJ izango litzateke garailea: 24 eserleku eskuratuko lituzkete jeltzaleek, egun dituztenak baino hiru gutxiago.
EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 18 legebiltzarkiderekin; ezker abertzaleko koalizioak ere, hiru eserleku galduko lituzke.
Podemos lehen aldiz sartuko litzateke Eusko Legebiltzarrean, 14 ordezkarirekin, galdeketak jaso duenez.
PSE-EEk nabarmen egingo luke behera hurrengo hauteskunde autonomikoetan: 16 legebiltzarkide izatetik 10 izatera pasatuko litzateke.
Alderdi Popularrak ere, behera egingo luke: bi eserleku galduko lituzke, eta zortzirekin geratu.
Lurraldeka, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetako emaitzak ondorengoak lirateke:
BIZKAIA
- EAJ 10 (% 35,7)
- Podemos 5 (% 18,7)
- EH Bildu 5 (% 17)
- PSE-EE 3 (% 11,9)
- PP 2 (%8,7)
GIPUZKOA
- EH Bildu 8 (% 29,1)
- EAJ 8 (% 28,8)
- Podemos 4 (% 15,9)
- PSE-EE 4 (% 13,1)
- PP 1 (% 5,1)
ARABA
- EAJ 6 (% 23,5)
- Podemos 5 (% 19)
- EH Bildu 5 (% 17,7)
- PP 5 (% 16,9)
- PSE-EE 3 (% 12)
- Ciudadanos 1 (% 4)
Podemos-Ezker Anitza koalizioa mantenduko balitz, emaitzak ondorengoak lirateke: EAJk 24 (2012an baino 2 gutxiago), Podemos-Ezker Anitzak 17, EH Bilduk 17 (2012an baino 4 gutxiago), PSEk 9 (7 gutxiago), PPk 7 (3 gutxiago) eta Ciudadanosek 1.
BIZKAIA
- EAJ 10 (% 35,7)
- Podemos + IU-Ezker Anitza 6 (% 21,8)
- EH Bildu 4 (% 17)
- PSE-EE 3 (% 11,9)
- PP 2 (% 8,7)
GIPUZKOA
- EH Bildu 8 (% 29,1)
- EAJ 8 (% 28,8)
- Podemos + IU-Ezker Anitza (% 18,7)
- PSE-EE 3 (% 13,1)
- PP 1 (% 5,1)
ARABA
- EAJ 6 (% 23,5)
- Podemos + IU-Ezker Anitza 6 (% 33)
- EH Bildu 5 (% 17,7)
- PP 4 (% 16,9)
Maiatzaren 23tik ekainaren 2ra, etxez etxe, egindako inkestak utzitako emaitzak dira. 2.310 herritarri galdetu zaie ekainerako eta urrirako iragarrita dauden hauteskundeetarako boto-asmoari buruz.