Hauteskunde Orokorrak -
Salaketa
Hauteskunde gauean Voxek EITBri jarritako betoa salatu du Euskal Kazetarien Elkarteak
Voxek Madrilgo hotel batean egingo du hauteskunde gauaren jarraipena. Hainbat kazetariri, tartean EITBkoei, bertan izateko baimena ukatu egin diete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteskunde gauean Voxek EITB, TV3 eta TVG komunikabideei ezarritako betoa salatu du gaur Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak.
Voxek Madrilgo hotel batean egingo du hauteskunde gauren jarraipena, baina hainbat hedabideri, tartean Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako irrati eta telebista publikoei, bertan izateko baimena ukatu diete.
Euskal Herriko kazetarien bi elkarteek oharra kaleratu dute, Voxek hartu duen erabakia "demokraziaren kontrakoa" dela salatuta. "Informazioa jasotzeko eskubidea herritarren oinarrizko eskubidea" dela eta komunikabideek "askatasunez informatzeko eskubidea" dutela azpimarratu dute, bi eskubide horiek Konstituzioan jasota daudela gogoratuz.
Horrelako erabakiekin "manipulazioaren bidea markatzen ari dira, haien diskurtsoa zalantzan jar dezaketen komunikabideak baztertuz".
EITB, TV3 edo TVG komunikabideez gain, beste hainbat hedabide ere Voxen ekitaldia jarraitzeko akreditaziorik gabe geratu direla erantsi dute, tartean Europar Press berri-agentzia.
Bestalde, Hala Bedi irratiko kazetariaren kasua ere izan dute hizpide. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 'mozal legea' ezarri zion, Gasteizko Errekaleor auzoan Ertzaintzak egin zuen oldarraldi bat grabatzeagatik. Alabaina, kazetariak auzitegira jo zuen eta orain epaileak arrazoia eman dio.
'Mozal legeak' informatzeko eskubidea urratzen duela salatu eta arau hori baliorik gabe uzteko eskatu dute Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak.