AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Alderdi Demokrataren batzarra

Obama: 'Gure bidea zailagoa da, baina helmuga hobea da'

AEBetako presidenteak onartu egin du berriz Alderdi Demokrataren hautagaia izatea.

Barack Obama eta Michelle emaztea, Alderdi Demokrataren batzarrean. EFE
Barack Obama eta Michelle emaztea, Alderdi Demokrataren batzarrean. EFE
Obamak demokraten hautagai izatea onartu du

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak onartu egin du azaroaren 6rako hauteskundeetan Alderdi Demokrataren hautagai izatea, demokraten batzarreko azken egunean, Charlotten (Ipar Carolina).

Presidentearen esanetan, agintaldian onbideratu egin dute ekonomia, eta "aurrerapauso" horiek arriskuan izango lirateke Alderdi Errepublikanoa Etxe Zurira itzuliko balitz.

Horren ildotik, hauteskundeetan "bi ikuspegietako bat" hautatu beharko dutela esan die boto-emaileei.

"Ez dut eskaintzen dudan bidea azkarragoa eta errazagoa dela sinetsarazi nahi. Ez dut inoiz halakorik egin. Urteak emango du hainbat hamarkadaz sortu diren erronkei aurre egiteko", nabarmendu du.

Hurrengo agintaldira begira, helburu nagusiak 2016. urterako milioi bat lanpostu sortzea, 2014rako esportazioak bikoiztea eta hurrengo hamarkadan defizita 4.000 bilioi dolar (3.165 bilioi euro) murriztea izango direla zehaztu du.

Besteak beste, 2020. urterako petrolio inportazioa erdira murriztea, hurrengo 10 urteetan unibertsitate ikasketen tasak % 50 merkatzea eta gas naturalaren sektorea garatzea ere aipatu ditu helburu gisa.

Biden: "Bete egingo dugu misioa"

Bestalde, Joe Biden presidenteorde eta karguan jarraitzeko hautagai demokratak herrialdearen oparotasuna bermatzeko konpromisoa hartu du. "Jarraitu eta bete egingo dugu misioa", adierazi du.

Bidenek goratu egin du estatubatuarrek "inoizko krisi txarrenaren aurrean egindako esfortzua", eta klase ertainen zailtasunen aurrean Obama "kezkatuta" dagoela esan du.

"Lanean ikusten dut [Obama] egunero. Jakin daki herrialdearen konfiantza ez ezik, mundu osoarena ere suspertu behar duela", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea