Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Katalunia
Mas babestuko dutela eta elkarrizketak 'ondo' doazela esan du ERCk
Oriol Junqueras ERCko presidentearen arabera, Kataluniako nazionalistek gobernagarritasuna bermatuko duen akordioa lortzeko borondatea dute, baina oraindik ez dute lortu.
Oriol Junqueras ERCko presidenteak iragarri duenez, bere alderdiak Artur Masen aldeko botoa emango du inbestidura saioan. Junquerasen hitzetan, CiUrekin Kataluniaren gobernagarritasuna bermatzeko negoziazioak "ongi doaz".
Junquerasek 30 minutuko bilera izan du Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentearekin. Azken horrek bilera erronda hasi du gaur Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza lortu duten alderdi politikoekin, izan ere, presidente izendatzeko babes nahikoa duen hautagairik baden ikusi behar du.
Bileraren amaieran kazetariei esan dienez, Artur Mas jarduneko presidentea da inbestidura saiorako hautagai posible bakarra. Horregatik, ERCk inbestidura saioan Artur Mas babestuko duela jakinarazi dio Nuria de Gisperti.
Kataluniaren gobernagarritasuna bermatzeko akordioa ixteko, hizketan ari dira ERC eta CiU. Elkarrizketen harira, negoziazioak bide onetik doazela adierazi du, baina ez du esan noizko izango den.
"Zuhurra izan nahi dut gure ardura delako akordioa ixtea, baina oraindik ez dago ezer itxita", adierazi du Junquerasek. "Hitz egiten jarraitzeko asmoa daukagu, gure helburua Kataluniak gobernu egonkorra eta sendoa izatea baita. Aldi berean, ERCk hauteskunde kanpainan ekonomia eta gizarte alorretan hartutako konpromisoak bete beharko ditu gobernuak", gaineratu du.