Udal eta Foru Hauteskundeak -
EAJren ekitaldia Donostian
'PPk eta Bilduk Euskadi gaizki tratatzen jarraitzea ezin dugu onartu'
EAJren presidenteak adierazi duenez, "Bilduren inposizioaren kontra eta PPren manipulazioaren aurka egin ahal duen bakarra" da alderdi jeltzalea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak gaur Donostian esan duenez, EAJk ez du onartuko "Bilduk eta PPk Euskadi gaizki tratatzen jarraitzea". Gainera, buruzagi jeltzaleak azpimarratu duenez, "Bilduren inposizioaren kontra eta PPren manipulazioaren aurka egin ahal duen bakarra" da alderdi jeltzalea.
"Iraultzaileak gara, hori bai, baina kausa batekin", esan du Ortuzarrek Donostian egindako ekitaldi jendetsuan. Iñigo Urkullu lehendakaria eta datozen foru- eta udal-hauteskundeetarako hautagai jeltzale nagusiak ere izan dira bertan.
Halaber, Bilduk Gipuzkoan azken lau urteetan egindako kudeaketa salatu du Ortuzarrek. "Huts egin du, eta ustez defendatzen duen langile-klasea zigortu egin du". "Zaplastekoa eman nahi izan die enpresariei, eta azkenean Gipuzkoako gizonei eta emakumei eman die", esan du.
Atez ateko zabor-bilketaren harian, "dirua xahutu" dutela kritikatu du jeltzaleak, "eta bozak ere galdu dituzte; hori dela eta, urte hauetako obsesiorik handiena ezkutatu nahi dute".
Tren guztiak pasatzen utzi
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak ezker abertzalearen aurka egin du, "tren guztiak pasatzen utzi dutelako, eta orain geltokian geldirik daudelako". "Eta orain herriak zerotik hastea nahi dute. Ez gara zerotik hasten, Euskadi nazio gisa hazi baita. Euskadiko trena martxan eta irekita dago, denontzako lekua dago", gaineratu du.
"Guztiontzako eta guztiona den Euskadi" eraikitzearen alde azaldu da Urkullu. "Hau da gure aukera, akordio historikoa lotzeko bidea, hainbat sentimendu integratzeko barne-akordioa. Europan aitorpena lortzeko Estatuarekiko ituna, nazio bezala berriro hazi ahal izateko", adierazi du.
"Zubiak eraikitzeko garaia bizi dugu, gizarte plurala osatzen duten sentsibilitate ideologiko anitzak integratu behar ditugu, elkarbizitza politiko normalizatuan aurrera egin behar dugu", azpimarratu du lehendakariak. Gainera, Urkulluk aurreratu duenez, EAJk "autogobernua defendatzen jarraituko du, batzen eta gehitzen, herria egunero eraikitzen, garenaz eta izango garenaz harro sentiarazteko".