Udal eta Foru Hauteskundeak -
Ekitaldia Bilbon
Feminismoa politikaren lehen lerrora eraman nahi du EH Bilduk
Bilboko, Galdakaoko, Erandioko, Portugaleteko, Basauriko eta Getxoko Alkatetzarako EH Bilduko hautagaiek emakumezkoen parte-hartzea bermatu nahi dute, oraindik "bigarren mailako herritarrak baikara"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Feminismoa "instituzio-borrokaren lehen lerrora eramatea" proposatu dute igande honetan Bilboko, Galdakaoko, Erandioko, Portugaleteko, Basauriko eta Getxoko Alkatetzarako EH Bilduko hautagaiek, emakumezkoen parte-hartzea bermatzeko asmoz, koalizio horretako hautagaiek salatu dutenez, oraindik "bigarren mailako herritarrak baikara".
Bilbon izandako ekitaldi batean, Alkatetzarako hautagai Aitziber Ibaibarriagak emakumezkoen egoera eta "hainbat alderdi politikok erakutsitako konpromiso falta" kritikatu ditu, "ez baitute borroka egiten emakumezkoen esplotazioa eta botere-harremanak sustatzen duen egoera hori errotik aldatzeko".
Behin hori lortuta, "periferiatik erdiguneraino igaro ahal izango dugu, gure nahiak betetzeko politika publikoak suspertu ahal izateko" , alegia. Ibaibarriagak salatu duenez, "EAJk interes txikia erakutsi du Bilbon berdintasun politikak garatzerako orduan, eta horren erakuslea da politika horietarako aurrekontuaren % 0,26 baino ez duela zuzendu". Halaber, "Emakumeen Etxea" sortzea proposatuko du EH Bilduk, emakumezkoen "ahalduntzea" suspertzeko asmoz.
Gainerako udalerriak
Getxori dagokionez, Arantza Gutierrez hautagaiak emakumezkok sortutako kooperatiben alde egin du; Erandioko hautagai Ana Crespok, berriz, udalerrian berdintasuna sustatzeko teknikari baten beharra azpimarratu du.
Galdakaon, kale-izendegian emakumeak ikusgai jartzea proposatu du EH Bildu koalizioaren hautagai Bea Ilardiak, "egun, bi kalek baino ez emakumezkoaren izena daramatelako".
Portugaleteri dagokionez, aurrekontu publikoak egiterakoan, genero-ikuspuntua aintzat hartuko dutela hitzeman du Izaskun Duque hautagaiak, besteak beste, "kontratazioetan berdintasun-klausulak ezartzeko".
Amaitzeko, Natalia Gardeazabal Basauriko hautagaiak azpimarratu duenez, emakumezkoen ahalduntzea areagotzeko politikak sustatzen jarraituko dute.