Udal eta Foru Hauteskundeak -
M24
Urkullu: 'Euskadi hobe bat lortzeko bermea da EAJ'
Enplegu- eta bake-maila handiagoa izango duen Euskadi bat eskainiko du EAJk hauteskunde kanpainan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hazkunde ekonomikoa bultzatu eta enplegua sortzeko xedearekin, "adostasuna eta akordioak" lortzeko EAJk duen gaitasuna azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Aldiz, "liskarrak bilatu eta ekarpenik egiten ez duten horiek" kritikatu ditu.
Bestalde, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du ere alderdiak "Euskadi hobe bat" eskaintzen dituela, "enplegu eta bake gehiago" izango duen herria, “eta herritarrek erabakitzen duten autogobernu mailarekin”.
'Euskadi Ekinez Egina' da EAJk hauteskunde kanpainan erabiliko duen leloa. Urkullu eta Ortuzar Gasteizen izan dira gaur arratsaldean, EAEko hautagaiekin egindako ekitaldian.
Ortuzarrek esan du EAJ dela “programa bat” eskainiko duen alderdi bakarra. Horren harian, “aldatzeko eta hobetzeko” asko dagoela nabarmendu du, bai GAsteizen eta Araban (PPk gobernatzen du) eta baita Gipuzkoa eta Donostian (EH Bilduk).
Bizkaiari eta Bilbori dagokienez, EAJren helburua da “aurrera egiten segi dezaten, urrats sendoz, etorkizunera begira”, Ortuzarren hitzetan.
“Denon artean” Euskadi “hobe” bat eraikitzeko konpromisoa adierazi du Ortuzarrek. “Enplegu eta bake maila handiagoa izango duen herria, eta euskal herritarrek erabakitzen dugun autogobernu mailarekin”. “EAJ da hori eskaini dezakeen bakarra”, gaineratu du.
Hautagaiekin “harro” agertu da Ortuzar, eta “suspertzearen eta ongizatearen” bidearen buru izango direla erantsi du. “Hau da gure aberriaren bidea”, esan du.
Urkulluk, bestalde, politika ulertzeko “bi modu” daudela adierazi du: “akordioan sinesten dugunok alde batetik eta, bestetik, gatazka giroan gustura sentitzen direnak”. “EAJ babesten duenak ondotxo daki akordioa eta integrazioa babestuko duela”, gaineratu du Urkulluk.
Horrez gain, EAJren hautagaiek “abantaila” bat badutela esan du Urkulluk: “euren konpromisoak EAJk izenpetzen dituela, alderdi positibo eta eraikitzaile bat, alegia”.
“Kudeaketa zorrotza bermatzen du gure alderdiak: gobernu gardena eta zintzoa, egia esaten duena. Pertsonen sentsibilitatea bermatzen du: justizia soziala lehenesten duen gobernua, inor atzean uzten ez duena. Etorkizun hobea defendatzea bermatzen du Euskadirentzat, auzo bakoitzarentzat eta herri, hiriburu eta herrialde guztientzat: etorkizun oparoagoa Euskadi egiten dugun pertsona guztiontzat", amaitu du.
Hautagaiak
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiak Lurralde hori “PPren kudaketaren ondorioz” bizi duen “paralisi” egoeratik ateratzeko konpromisoa hartu du. Horregatik, aldaketa hura eta PP Gobernutik kentzea “EAJk bakarrik” lor dezakeela defendatu du.
Unai Rementeria Bizkaiko hautagaiak, berriz, Aldundia zuzentzeko “ilusioa” adierazi du, eta EAJren “batasunari” dei egin dio, hiru lurralde historikoen koordinazioari eusteko alderdi bakarra dela azpimarratuz.
Era berean, Markel Olano Gipuzkoako hautagaiak EH Bilduk Lurralde horretan egindako kudeaketa kritikatu du. “Inposizioa eta gatazka” nagusi izan direla azpimarratu du. “Aldaketa nahitaezkoa” dela adierazi du Olanok.