Udal eta Foru Hauteskundeak -
M24
'Aldaketa', hitz erabiliena Nafarroako kanpainan
Gizarte laguntzak izan ditu hizpide UPNk. Geroa Bai hurrengo Gobernuaz aritu da. EH Bilduk LABen garaipena ospatu du, eta PSNk UPNren ondorengoez aritu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
UPN
Pertsona bakoitzaren beharrak eta gaitasunak kontuan hartuz, “banan banakako” diru-laguntzak ematen jarraituko du UPNk, hauteskundeak irabazten baditu, gaur Javier Esparza UPNren hautagaiak iragarri duenez.
“Etorkizunean, eskubideak, diru-laguntzak eta zerbitzu publikoak bermatuko dizkiegu urritasunen bat edo gaixotasun mentalen bat pairatzen duten pertsona guztiei”, gaineratu du Esparzak.
GEROA BAI
Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan hirugarren Koldo Martínezen esanetan, “zentzugabekeria dirudi teorikoki aldaketaren alde dauden alderdietatik edozein indarri marra gorriak jartzea” hurrengo hauteskundeen ondoren gobernua osatzeko.
Hedabideei zuzenduriko deklarazioetan, Martinezek ziurtatu du Geroa Bain “oso argi dugu aldaketa babestuko dugula, aldaketa lortuko dugula”. “Ez dugu marra gorririk jartzen eta edozein kasutan marra gorriak hiritarrek jarriko dituzte”, baieztatu du.
Maria Chivite (PSN) Gobernuko presidente izateko babesa emateko prest egongo diren galdetuta, Koldo Martinezek esan du hobe dela 24ko gauera “itxoitea” eta “hiritarrek esaten dutenaren arabera orduan erabakitzea”.
EH BILDU
LABen garaipena Administrazioan “benetako aldaketa lortzeko” lehen pausoa dela esan du Adolfo Araiz EH Bilduren hautagaiak.
Arazi Igor Arroyo LABeko ordezkariarekin batzartu da gaur arratsaldean, hauteskundeetako emaitzak baloratzeko, eta sindikatuaren proposamenak jasotzeko. Izan ere, “aldaketarako hitzarmen soziopolitikoa” bidali die LABek EH Bilduri, Geroa Bairi Ahal Duguri eta Izquierda-Ezkerrari.
PSN
“UPNren ordezkoa” ezin dela “Gobernu abertzale” bat izan salatu du gaur Maria Chivite PSNren hautagaiak. Defendatu duenez, PSN da aldaketa lortzeko “zentroko aukera” bakarra.
“Aurrean ditugun gizarte erronka berriei helduko dien Gobernu bat nahi dugu Nafarroan. Ez ditugu abertzale euskaldunak Gobernuan behar, ez baitugu arazo lurraldekotasunaren inguruko arazorik”.