13:05

Udal eta Foru Hauteskundeak

Osoko bilkura

PSEk Lasarte eta Pasaia berreskuratu ditu eta EAJk, Zarautz eta Tolosa

O.A. | ERREDAKZIOA

Astigarragan eta Soraluzen ere jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna bete da, baina Andoainen EAJko zinegotzi batek boto zuria eman du eta alkatetza EH Bildurentzat izan da.

1:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

PSE-EEk Lasarteko alkatetza berreskuratu du lau urteren ostean, izan ere, duela lau urte EH Bilduk eskuratu zuen alkatetza EAJko zinegotzien babesari esker. Beraz, lau urteren buruan sozialistek aginduko dute Lasarten. Jesus Zaballos alkate berriak sozialisten babesa jaso du eta bi ordezkari jeltzaleek boto txuria eman dute. Maiatzaren 24ko hauteskundeetan sozialistek zazpi ordezkari lortu zituzten, EH Bilduk lau, ADLOP plataformak hiru eta EAJk bi.

Astigarragan eta Soraluzen ere ez da inolako ezusterik izan eta, EAJren eta PSE-EEren arteko ituna jarraituz, PSE-EEko zinegotziek EAJren alkategaiak babestu dituzte. Horrela, EAJk bi herrietako alkatetza erdietsi du zerrenda bozkatuenari, EH Bilduri, aginte makila kenduz.

PSE-EEk EAJrekin sinatutako ituna bete du Astigarragan eta, ondorioz, Jesus Maria Santos jeltzalea izendatu dute alkate. Maiatzaren 24ko bozetan EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena (7 zinegotzi), EAJren (7 zinegotzi) eta PSE-EEren aurretik (zinegotzi bat).

EAJk Soraluzeko aginte-makila hartu du, PSE-EEko bi zinegotzien botoei esker. Horrela, Iker Aldazabal jeltzalea izendatu dute alkate. Soraluzen ere EH Bildu izan zen zerrenda bozkatuena (5 zinegotzi), baina jeltzaleen (4 zinegotzi) eta sozialisten (2 zinegotzi) arteko ituna dela eta, agintea jeltzaleentzat izango da.

Dena den, eguneko ezustea Andoainen gertatu da. EAJk eta PSE-EEk atzo lortutako itunari esker, Maider Lainezek (PSE) izan behar zuen alkate datozen lau urteetan. Azkenean, baina, ez da hala izan. EAJko zinegotzi batek zuri bozkatu du eta hautagai sozialistak ez du aginte makila eskuratzeko babes nahikoa izan. Horrenbestez, orain arte alkate izan den EH Bilduko Ane Karrerek beste lau urtez jarraituko du udalaren buru.

32 urteren ondoren Zarautzek alkate jeltzalea izango du. Xabier Txurrukak 10 zinegotzi jeltzaleren babesa jaso du eta bi zinegotzi sozialistek boto zuria eman dute. Horrenbestez, Xabier Txurruka izango da EAJren eszisioaz geroztik Zarauzko lehen alkate jeltzalea; izan ere, Imanol Murua alkate izan zena EAra igaro zen gero.

Debagoienan EAJk alkatetza kendu dio EH Bilduri historikoki ezker abertzalearen gotorleku izan diren lau herritan: Aretxabaleta, Arrasate / Mondragon, Bergara eta Eskoriatza.

Errenterian EH Bilduk alkatetzari eutsi dio eta Julen Mendoza izendatu dute berriz ere alkate. Gaurko bozketan Ahal Duguk babestutako Errenteria Irabaziz plataformaren babesa izan du Mendozak, aste honetan bertan bi aldeek sinatutako akordioari jarraituz. Gipuzkoako hirugarren udalerri handienean EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak PSE-EErekin zinegotzietan berdinduta. Dena den, EH Bildu izan zen zerrenda bozkatuena eta 662 botoren aldea atera zion PSE-EEri. Bestalde, Errenteria Irabaziz plataformak 4 zinegotzi lortu zituen eta EAJk, berriz, 3.

 

Pasaian sozialistek alkatetza berreskuratu dute eta Izaskun Gomez izango da aurrerantzean alkate. Gomezek haren alderdiko zinegotzien babesa izan du eta jeltzaleek berriz abstentziora jo dute, atzo bi alderdiek izenpetutako akordioa betez. Gaurkoa osoko bilkuran tentsio uneak bizi izan dira eta bertan atez atekoaren aldeko herritarrak eta hondakinak biltzeko sistema horren kontrako bizilagunak elkartu dira. Bestalde, atez atekoan lan egiten duten langileek protesta egin dute gaur euren lanpostuen alde eta 17 langile lanik gabe utziko dituela leporatu diote alkate berriari.

 

Udalen osaketa: protesta Pasaia

Pasaiako protesta. Argazkia: EiTB

Bestalde, aipatzekoak dira baita ere Albizturgo eta Baliarraingo kasuak; izan ere, bi herri horietan ez da udalbatzarik osatu. Albizturren PSE-EEk bakarrik aurkeztu zuen hautagaitza, baina agintea ez hartzea erabaki zuen. Baliarrainen, ostera, ez zen inor aurkeztu.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena