Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Iruñeko Alkatetzarako borroka nagusi, Nafarroako kanpainan

Joseba Asiron alkate eta EH Bilduren hautagaiak "atzoko eta biharko Iruñaren artean" erabakiteko deia egin du. Navarra Sumak Sarasate Pasealekuaren zati bat oinezkoentzat utzi nahi du.

Iruñeko alkategaiak. Argazkia: Efe/Twitter/Navarrasuma.es
Iruñeko alkategaiak. Argazkia: Efe/Twitter/Navarrasuma.es
Iruñeko alkategaiak. Argazkia: Efe/Twitter/Navarrasuma.es

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu

Joseba Asiron Iruñeko alkate eta EH Bilduren hautagaiak esan du maiatzaren 26ko hauteskundeak "plebiszitua" direla hiriarentzat, "atzoko eta biharko Iruñearen artean, gutxi batzuen edo denen Iruñearen artean" erabaki behar delako.

Udaletxe Plazan egindako ekitaldian azpimarratu duenez, aukerak "erregimena eta aldaketa" dira, eta "irabaztera" doa 2015ean bezala, orduan iruindarrek "ametsa" betearazi ostean.

Horregatik, 2019an berriro egiteko eskatu die herritarrei, eta egin dezatela apustu hiri "ireki, moderno, kosmopolita eta solidarioaren alde", Iruñea "justuaren, aurrerapen sozialen, migratzaileei harrera egiten dienaren" alde, eta "aukera berdintasuna eta astelehenero pentsioen alde kalera ateratzen den" hiriaren alde.

Asironen ustez, EH Bilduren alde bozkatzea "plaza hauxe jendez beteta mundu osoari eraso sexistak ez dituela onartuko" esan zuen Iruñea aukeratzea da, "iragana berreskuratu eta egia banatzen duena, frankismoaren biktimei justizia eta konponketa eskaintzen diena".

Navarra Suma

Enrique Maya Navarra Sumaren Iruñeko alkategaiak "Alde Zaharretik gertuen dagoen Sarasate Pasealekuaren zatia oinezkoentzat mugatzea" proposatu du, "Alde Zaharra eta Zabalgunea oinez lotzeko duen funtzioa hobetzeko".

Mayaren esanetan, berrurbanizazioari esker, ibilgailuak pasealekuaren beste aldetik igaroko lirateke, azken lau urteotako aldaketen "alderdi negatiboak" zuzendu ostean.

Gaurko kanpainako ekitaldian gaineratu duenez, "Donostiako bulebarraren antzeko egitura" izango luke inguruak, baina ondoko kaleak ez luke horrenbesteko trafikoa izango. Ondorioz, "hiri kalitate handiko gune" bihurtuko omen litzateke, "gaur egun duen itxurarekiko oso desberdina".

Horren harira, Navarra Sumaren hautagaiak esan duenez, "laukoaren pseudopeatonalizazioak ez dira gerturatu ere egiten Carlos III.ean, Erronkari Etorbidean, Martin Azpilikuetan edo Alde Zaharrean UPNk egin zituen berritzeetara".

Geroa Bai

Itziar Gomez Geroa Bairen alkategaiak iraunkortasuna jarri du oinarri bezala eskualdean proiektuak gauzatzeko, eta datorren legegintzaldian ibai-parkea, Ezkaba parkea eta Eskualdeko Mugikortasun Iraunkorrerako Plana sustatuko dituela hitzeman du.

"Ibai-parkea Eskualdeko herriekin modu iraunkor batean lotzen gaituen balio handiko korridore natural gisa sustatu nahi dugu. Iruñea-Mutiloa lotura Sadarretik egiten jarraituko dugu", azaldu du.

Ezkaba Parkeari dagokionez, Geroa Bairen hautagaiak hauxe defendatu du: "Sarbideko errepidea arautzea eta Alfonso XII.a gotorlekua interesgune gisa indartzea, memoriarako eremu den heinean".

"Eskualdeko Mugikortasun Iraunkorrerako Plana sustatuko dugu garraioen banaketa egiterakoan, garraio publikoaren eta bizikletaren alde, eta autoaren kaltetan", adierazi du Gomezek.

PSN

PSNk ez du kanpainako ekitaldirik egin Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruzagi historiko eta Espainiako ministro ohiaren heriotza dela eta.

Podemos

Gaxan Sad Podemosen alkategaiak hirigintza egitasmo batzuk hiriarentzat eta hiritarrentzat dituzten ondorioak salatu ditu.

"Victor Pradera-Paderborn zentro publikoa desagerrarazi dutenak" izan ditu jomugan, "La Milagrosako haurrak Azpilagañara edo Lezkairura joan beharko dutelako ikastera", Saden arabera.

Sadek ikasle guztiak "ikastetxera oinez" iritsi behar direla azpimarratu du, eta "auzo guztiak eskola publikoaren inguruan mamitu" behar direla.

Ezkerra

Bestalde, Edurne Eguino Ezkerraren hautagaiak esan du Santo Domingoko aldapa "txukuntzeko premia" dagoela, Iruñea bisitatzera iristen diren asko joaten direlako ikustera eta egoera "penagarrian" dagoelako.

Eguinok aurreratu du Ezkerrak ahal bezain laster utzi nahi duela bertan behera UPNk eta Geroa Baik onartutako arau bat, Unzun makrohostel bat jartzea eta Alde Zaharrean, etxebizitzen kaltetan, hotel gehiago jartzea ahalbidetzen duena hain zuzen.

Horren harira, Alde Zaharreko eremuaren % 75a etxebizitzara bideratzeko proposamena egin du, horrek bertako merkataritza mesede egingo diola iritzita.

Era berean, gertuko merkataritza sustatzearekin batera "eraikin osoak hartzen dituzten denda erraldoien eraikuntza galarazi" behar dela uste du, eta Zara jarri du egin behar ez denaren adibide gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Hautagaiak Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma