Udal eta foru hauteskundeak 2019: Maiatzaren 26an, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak

Udalen osaketa

22:56

Udalen osaketa

Kanpaina

Ortuzar: 'EAJren botoak balio hirukoitza dauka; gurea boto totala da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EH Bilduk dio herritarren bizitza hobetu nahi duela. Elkarrekin Podemosentzat, EAJ eta PSEren eredua agortuta dago. PSEk alderdi abertzaleak kritikatu ditu. PPk laguntza sozialak izan ditu hizpide.

  • Andoni Ortuzar, EAJk Basaurin egin duen ekitaldian.

    Andoni Ortuzar, EAJk Basaurin egin duen ekitaldian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EAJ

Andoni Ortuzarrek esan du maiatzaren 26an hiru hautestontzi ezberdin egongo badira ere, EAJren botoa “totala” dela eta boto horrek balio “globala” izango duela hauteskundeetan.

EAJk Basaurin egin du arratsaldeko ekitaldi nagusia, eta han izan da EBBko presidentea. EAJk indartsu eta ilusioz beteta dagoela esan du, baina gehiegizko konfiantza txarra dela ohartarazi du.

“Badakizue zer gertatu zaien Barçari eta Ajaxi. Partidak zelaian jokatzen diren moduan, hauteskundeak hautestontzietan erabakitzen dira, eta ez inkestetan. Azken unera arte lanean jarraitu behar dugu, kalean, gure bizilagunekin, senideekin eta lagunekin, Basaurirako, Bizkairako nahiz Europarako ditugun proposamenak azalduz”, adierazi du.

Ortuzarrek EAJaren botoaren balioa azpimarratu du: “Ia guztirako eraili daiteke: torlojuak askatzeko, herdoila kentzeko edo ateak kirrinka egin ez dezan. Alderaketa eginez, maiatzaren 26an, EAJren botoak tentsioak baretzeok, harreman politikoek kirrinkarik ez egiteko eta arazoei herdoila kentzeko balioko du, arazoak ezberdinen arteko elkarrizketaren eta akordioen bidez konpondu behar direlako”, gaineratu du.

Horrenbestez, EAJren botoak “balio hirukoitza” daukala ziurtatu du. “EAJk gauza bera ordezkatzen du erakunde guztietan, herririk txikienean, aldundietan, Jaurlaritzan, Madrilen edo Europan; euskal jendartearen interesak defendatuko dituen alderdi bakarra gara. Hiru batean. EAJrena boto totala da, balio hirukoitza daukalako”, berretsi du.

EH Bildu

EH Bilduk Santrutzin egin du arratsaldeko ekitaldi nagusia. Arnaldo Otegik hartu du parte eta azpimarratu du koalizio soberanistak egin dituen akordioek “herritarren bizitza hobetzeko” balio izan dutela. Ildo horretan, bakerako akordioa, Nafarroan aldaketa gauzatzeko ituna, Ipar Euskal Herriko elkargoarena eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatus politiko berriarena aipatu ditu adibide moduan.

Horrez gain, Ezkerraldeak EH Bildurentzat garrantzi handia duela nabarmendu du. Areago, “Ezkerralderik gabe ez dago Euskal Errepublikarik”, erantsi du.

Ekitaldi horretan, Bea Ilardia Bizkaiko zerrendaburuak ere hartu du parte. Unai Rementeria egungo ahaldun nagusiaren jarduteko modua kritikatu du, eta langileek eskubideak dituztela eta “esklaboak” ez direla erantzun dio.

Horrela, Rementariak Twitter sare sozialean idatzitako mezu baten eragin duen zalaparta izan du hizpide Ilardiak. “Esaldi bakarrean enpleguari, ekonomiari eta langileen eskubideei buruz zer pentsatzen duen laburbildu du”, gaineratu du.

Horrenbestez, Ilardiak azpimarratu du maiatzaren 26ko hauteskundeetan asko dagoela jokoan. “Rementeriak proposatzen duen prekarietatearen eredua edo EH Bilduk ordezkatzen duen Europa progresistaren eredua. Hori dago jokoan”, adierazi du.

Elkarrekin Podemos

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkariak EAJ eta PSE-EEren gobernatzeko eredua “agortuta” dagoela esan du eta gizartean “arrakala handiak” sortzen ari direla salatu du. Elkarrekin Podemosek, ostera, “XXI. mendeko erronkei udalerrietatik” erantzungo diela agindu du.

Koalizio moreak Andoainen egin du arratsaldeko ekitaldia. Pilar Garrido Kongresuko diputatua eta Teresa Santana alkategaia bertan izan dira.

Martinezen iritzian, “kanpainako lehendabiziko egunetan argi geratu da zer dugu jokoan datozen hauteskundeetan: Euskadiko herriak, hiriak eta lurraldeak eraikitzeko eredua”.

Halaber, EAJk eta PSE-EEk gobernatzeko duten modua “agortuta” dagoela esan du, eta eredu horrek gizartean “arrakala handiak” sortzen dituela salatu du, hala nola, “lan munduan, etxebizitza eskuratzerakoan, zerbitzu publikoen kalitatea eta aberastasunaren banaketan”.

PSE-EE

Alderdi Sozialistak Langraiz Okan egin du arratsaldeko ekitaldia eta Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramailea eta Hezkuntza ministroa izan da han, Cristina Gonzalez Arabako zerrendaburuaren eta Javier Martinez alkategaiaren ondoan.

Celaak esan du maiatzaren 26ko hauteskundeak oso garrantzitsuak direla, udaletan nahiz Europa mailan, eta erantsi du Alderdi Sozialistaren helburua bietan garaile ateratzea dela.

Gauzak horrela, Gonzalezen aldeko botoa eskatu du, Arabako ahaldun nagusi izan dadin, gainerako alderdien “zalantzak” ikusita.

Celaaren arabera, “apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzak kontutan hartuta, ez dut uste eskuinak aukera handirik izango duenik, eta abertzaleak bitartean zalantzan daude”.

“Aurpegi bat baino gehiago dituzte, batzuetan soberanistak dira eta hurrengo egunean autonomistak, eta horrek ez du hazkundeak behar duen egonkortasuna bermatzen”, adierazi du EAJri eta EH Bilduri aipu eginez.

PP

Raquel Gonzalez Alderdi Popularraren Bilboko alkategaiak esan du laguntza sozialak bizitzaren erdia hirian erroldatuta egon diren pertsonei zuzenduta egon beharko liratekeela.

Horrela, Gonzalezek laguntza sozialak jasotzeko edo etxebizitza sozial bat eskuratzeko araudia eguneratzeko proposamen bat aurkeztu du. Ildo berean, Udaltzaingoan iruzurraren kontrako talde berezi bat sortuko lukeela adierazi du, gizarte laguntzetan eta babes ofizialeko etxebizitzetan izan daitezkeen iruzurrak antzemateko.

Halaber, laguntza sozialak enplegua bilatzeko eta formaziorako konpromiso aktiboarekin lotuta egon behar direla esan du, eta delitu larriak egin dituzten herritarrei laguntza publikoak kentzearen alde agertu da.

Bestalde, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak hartzeko zentroak “pixkanaka” ixtea eta migratzaile horiek euren jatorriko herrialdetara adopzio bidez itzul daitezela bultzatzea proposatu du.


Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena