Udal eta foru hauteskundeak 2019: Maiatzaren 26an, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak

Udalen osaketa

23:20

Udalen osaketa

Kanpaina itxiera

Botoa erakartzeko azken ahalegina egin dute indar politikoek

eitb.eus

EAJk "mobilizazio orokor" bat eskatu du eta EH Bilduk Gipuzkoan lehen indarra izatea; Podemosek jeltzaleen aurka egin du, PSEk boto "koherentea" aldarrikatu du eta PPk emaitza hobea lortzea espero du.

  • Kanpaina amaiera ekitaldiak Euskadin.

    Kanpaina amaiera ekitaldiak Euskadin. Argazkia: EFE/eitb.eus

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) indar politikoek herritarren botoa erakartzeko azken ahalegina eta deia egin dute ostiral honetan. Helburua igande honetako udal, foru eta Europako hauteskundeetan emaitzarik onena lortzea da. Ekitaldi guztietan hautesleriaren parte-hartzea aldarrikatu dute koalizio eta alderdi politikoek. Era berean, oraindik zalantzan daude boto-emaileak konbentzitzen saiatu dira.

Hauteskunde kanpainako azken egunean EAJren aldeko botoa eskatu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, eta euskal herritarren "mobilizazio orokor" bat aldarrikatu du, "Euskadi eta lurralde historikoak desegitea" saihesteko.

EAJk hauteskunde kanpaina Bilbon itxi du. Iñigo Urkullu lehendakariak, EAEko hiru hiriburuetako alkategai jeltzaleek, hiru lurralde historikoetako ahaldungai nagusiek eta Izaskun Bilbao Europako Parlamenturako hautagaiak parte hartu dute mitinean.

EH Bilduk Donostiako Boulevardean egin du ostiral honetan kanpaina itxiera ekitaldia. Bertan hartu dute hitza Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, Reyes Carrere Donostiako alkategaiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

"Gipuzkoarren gehiengoaren interesak Gipuzkoako udalerrietan eta Foru Aldundian defendatuko dituen alderdi politiko bakarra gurea da: EH Bildu. Pertsonengan pentsatuz gobernatzen dugun eta gobernatuko dugun pertsonak gara gu", adierazi du Izagirrek.

Lander Martinez Elkarrekin Podemosen bozeramaile eta idazkari nagusiak zalantzan jarri du EAJk ekar lezakeen etorkizuna, "sortutako interesen, sare klientelarren eta erakundeen jabetza kontzeptuaren mende" dagoen alderdia delakoan. Gainera, PSE-EE "eskuindarrekin gobernatzen bakarrik dakien ezkerra" dela kritikatu du, jeltzaleei erreferentzia eginez.

Udal eta foru hauteskundeen kanpaina itxiera ekitaldia egin du koalizio moreak Bilbon. Azken egunetan alderdi batzuek koalizioari "eraso egiteko" erabilitako denbora "deigarria" dela uste du Martinezek, baita "adierazpen batzuen tonu ozena" ere. Buruzagi morearen ahotan, horrek "kezka bakarrik erakusten du", ez inkestengatik, "agenda markatzeko duten gaitasunagatik eta zentraltasunagatik" baizik.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du igandeko hauteskundeetan bi aukera baino ez daudela: EAJ edo PSE, eta esan du sozialisten aldeko botoa "koherentea" den bakarra dela "erakundeen egonkortasuna eta bizikidetza" lortzeko.

EAEko sozialistek Barakaldon egin dute hauteskunde kanpainaren amaiera ekitaldia. Bertan, duela lau urte, 50 boto ingurugatik galdu zuten Alkatetza, eta orain berreskuratu egin nahi dute.

Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, PPk egun "zaila" izan zuela onartu du Alfonso Alonso Euskadiko Alderdi Popularraren presidenteak, baina kanpaina honetan zehar itxaropena berreskuratu eta berriro jendeak PPrengan konfiantza duela ziurtatu du. "Kalean nabaritzen da", azpimarratu du.

Euskadiko PPk hauteskunde kanpaina itxierako ekitaldi nagusia Gasteizko hotel batean egin du. Leticia Comeron eta Raquel Gonzalez Gasteizko eta Bilboko alkategaiek, hurrenez hurren, hitza hartu dute mitinean. Borja Semper Donostiako alkategaia, ordea, ez da ekitaldian izan, nahiz eta aurreikusita egon.


Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena