Bilboko Aste Nagusia
Aholkuak
Bilboko Aste Nagusian lapurretak saihesteko gomendioak
Agentziak | Erredakzioa
Poltsa aurrean eramatea edo sakelakoa beharrik gabe ez erakustea dira lapurretak saihesteko aholkuetako batzuk.
-
Bilboko Aste Nagusia.
Ordu gutxi falta dira Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko, eta, hori kontuan izanda, datorren Aste Nagusian ebasketak saihesteko segurtasun-gomendioak biltzen dituen liburuxka bat banatzen hasi da Ertzaintza.
Lehen gomendioa da etxetik ez ateratzea behar-beharrezkoa ez den balioko gauzarik, eta une oro zaintzea zure gauzak: poltsa, diru-zorroa eta telefono mugikorra. Hain zuzen, horiek izaten dira lapurrek gehien bilatzen dituzten objektuak. Mahai gainean, aulki, mostradore eta ageriko lekuetan ez bakarrik uzteko gomendatzen du Ertzaintzak. Gainera, hobe da poltsa ondo itxita eta aurreko aldean eramatea; batez ere, jende asko dabilen lekuetan.
Telefono mugikorrari dagokionez, beharrik gabe ez erakusteko gomendioa eman du Segurtasun Sailak, bereziki merkatuan balio handia dutenak badira. Lapurtu aurretik, delinkuenteek mota horretako gailuetan jartzen dute arreta, eta jabeek non gordetzen dituzten begiratzen dute.
Bestalde, hobe da dirua babestutako kutxazain automatikoetan ateratzea, dirua seguruago ateratzeko eta lapurrek ez ikusteko non gordetzen dituzun dirua eta txartela.
Mozkortuta dauden pertsonak helburu errazagoak dira. Ez edatea, edo neurriz eta arduraz egitea, da lapurretak saihesteko beste aholkuetako bat. Behar fisiologikoak leku bakartietan egitea ere arriskutsua izan liteke; hobe da lokaletan edo horretarako bereziki jarritako lekuetan egitea.
Lapurreta jasoz gero, berriz, berehala jakinarazi. Hala, ahalik eta xehetasun gehien emateak lapurrak aurkitzen lagun dezake. Gainera, bankuko txartelei edo telefono mugikorreko txartelari baja ematea komeni da, delinkuenteek iruzurrik egin ez dezaten.
Bederatzi jaiegunetan, milioi eta erdi pertsona bilduko dira Bilboko kaleetan, aurreikuspenen arabera. 2015eko Aste Nagusian, Bilboko Ertzaintzak mila ebasketa (deskuiduan eta indarra erabili edo larderiarik gabe egindako lapurretak) baino gehiago erregistratu zituen, eta diru-zorroak eta mugikorrak izan ziren gehien lapurtu zituztenak. Delitu horietako asko “profesionalek” edo aldizkakoek egin zituzten, eta jende gehien pilatzen den uneak baliatu zituzten horiek egiteko.