Itxi

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Erakustaldia emanda

Hondarribia, garaile Castroko Banderan Urdaibai mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Jaun eta jabe izan da Hondarribia Castroko uretan eta bandera bereganatu du. Gainera, puntu bat jan dio Eusko Label Ligako sailkapen nagusian liderra den Urdaibairi. Bermeoko taldea bigarren izan da Castron. Donostiarrak amaitu du hirugarren postuan.

0:40
Honsarribiak irabazi du Castroko Bandera.

Hondarribiak irabazi du Castroko Bandera igande honetan (abuztuak 14) estropadan jaun eta jabe izan ostean. Gipuzkoako taldeak puntu bat jan dio sailkapen nagusian Eusko Label Ligako liderra den Urdaibairi. Bermeoko taldea bigarren izan da Castron.

Ohorezko txandako lehen luzean parekotasuna izan da nagusi Hondarribiaren eta Urdaibairen artean, baina hiru segundoko errentarekin irten dira gipuzkoarrak lehen ziabogatik. Bermeokoen ostetik maniobra hirugarren postuan egin du Ondarroak eta laugarrenean Cabok. BIgarren luzearen ostean Hondarribiak mantendu egin du Urdaibarekiko zuen hiru segundoko errenta; Ondarroak txandako hirugarren postuan jarraitu du Caborekiko abantaila handituta.

Hirugarren luzean utzi du estropada erabakita Hondarribiak, Urdaibarekiko zuen abantaila zortzi segundora handituta. Azken luzean erritmoari eutsi diote eta garaipena bereganatu dute 20:30eko markarekin. Urdaibai bigarren izan da, bost segundora. Bigarren txandan lehiatu den Donostiarrak 20:37ko marka egin du, eta hirugarren izan da estropadan bere txandan nagusi izan ostean. Bermeoko taldeak 34 ehunen soilik atera dizkio Donostiakoari. Laugarren amaitu du Oriok (20:45).

Estropadako bosgarren postua Getariarentzat (20:54) izan da, seigarren bukatu duen Santurtziri 36 ehunen aterata. Zierbenak (20:56) amaitu du zazpigarren, Ondarroak (21:03) zortzigarren, Kaikuk (21:07) bederatzigarren eta Cabok (21:08) hamargarren. Ares (21:12) izan da azken-aurreko, eta Lekittarra (21:14) azkena.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko liderra da Urdaibai (149 puntu) eta hiru puntu ateratzen dizkio bigarren den Hondarribiari (146 puntu). Donostiarra da hirugarren 144 punturekin, liderrarekiko bost puntura. Jaitsiera saihesteko lehian, Santurtzi (59 puntu) hamargarren postuan dago, Lekittarra (54 puntu) da azken-aurreko eta Ares (43 puntu) azkenengo.

Castroko Banderako sailkapena. Argazkia. EITB Media

Castroko Banderako sailkapena. Argazkia. EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia Castroko Banderaren ostean Argazkia: EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia Castroko Banderaren ostean Argazkia: EITB Media