Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

2. jardunaldi erabakigarria

Orio eta Urdaibai, Kontxako Bandera irabazteko faboritoak

EITB Media

Emakumezkoen mailan oriotarrek 2,5 segundoko abantaila dute Arraun Lagunakekiko. Gizonezkoen mailan Bermeoko taldeak 7,64 segundoko errenta lortu zuen Hondarribiarekiko lehen jardunaldian eta 7,70 segundokoa Donostiarrarekiko.

  • Kontxako arrapala

    Kontxako arrapala. Argazkia: EFE

Igande honetan, irailaren 11n, jokatuko da Kontxako Banderako bigarren jardunaldi erabakigarria. ETB1ek eta eitb.eus webgunean zuzenean ikusteko aukera izango duzu, 10:40etik aurrera.

Emakumezkoetan Orio da faboritoa lehen jardunaldian Arraun Lagunakekiko 2,5 segundoko abantaila lortu baitzuen. Oriotarrak Euskotren Ligako irabazleak dira eta denboraldia biribildu nahi dute Kontxan nagusituta. Hala ere, Kontxako Banderako egungo txapelduna da Arraun Lagunak eta bigarrenez jarraian irabazi nahi du Donostiako taldeak Oriorekiko desabantaila txikia duen arren. Emakumezkoen estropadak 11:00etan hasiko dira. Chapela, Cabo, Hibaika eta Tolosaldea lehiatuko dira lehen txandan. Ohorezko txandan ariko dira Orio, Arraun Lagunak, Hondarribia eta Donostiarra.

Gizonezkoetan Urdaibai da Kontxako Bandera bereganatzeko faboritoa lehen jardunaldian nagusitu baitzen. Bermeoko taldeak 7,64 segundoko errenta du Hondarribiarekiko eta 7,70 segundokoa Donostiarrarekiko. Gizonezkoak 12:00etan hasiko dira lehian. Lehen txandan ariko dira Ondarroa, Kaiku, Zierbena eta Orio. Ohorezko txandan lehiatuko dira Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Getaria.

Itsasoari dagokionez 0,8 metroko olatuak espero dira. Eguraldia eguzkitsua izango da.