Itxi

Athletic Club

2024RA ARTE

De Marcosek beste denboraldi batez berritu du Athleticekin zuen kontratua

EITB MEDIA

Guardiako eskuin hegaleko jokalariak 2024ra arte jarraituko du zuri-gorri gisa, eta bere hamabosgarren denboraldia beteko du Bilbon.

2:03
Óscar de Marcos

Athletic Clubek astearte honetan jakitera eman duenez, Oscar de Marcos jokalariak denboraldi bat gehiago luzatu du talde zuri-gorriarekin zuen kontratua, eta, hartara, 2024ko ekainaren 30era arte jarraituko du Bilbon, guztira hamabost denboraldi beteta.

De Marcosek (34 urte) 496 partida ofizial jokatu ditu orain arte Athleticekin, Joaquin Caparrosen aginduetara 2009ko abuztuaren 6an debuta egin zuenetik Suitzako Young Boys taldearen aurka, Europako Ligako atarikoaren itzuliko partidan.

Guardiako futbolaria Agustin 'Piru' Gainza Athleticeko jokalari historikoarekin dago berdinduta sailkapen horretan, eta Jose Angel Iribar (614), Txetxu Rojo (541), Iker Muniain (531), Joseba Etxeberria (514), Andoni Iraola (510) eta Markel Susaeta (507) baino ez ditu aurretik.

Bilbotarren elastikoarekin orain arte aritutako hamalau denboraldietan, 378 partida jokatu ditu ligan, 46 Kopan, 8 Txapeldunen Ligan, 57 Europa Ligan eta beste 7 Superkopan. Guztira 37 gol sartu ditu.

Aurtengo denboraldian, De Marcosek 34 neurketatan parte hartu du, hau da, bakarra galdu du orain arte, joan den apirilaren 15ean San Mamesen Realaren aurka jokatutako euskal derbia, hain zuzen ere. Zigortuta egon zen orduko hartan. Hartara, 2.550 minutu jokatu ditu dagoeneko, eta Ernesto Valverdek gehien erabilitako hirugarren futbolaria da, Iñaki Williamsen (2.592) eta Unai Simon atezainaren (2.566) atzetik.

Athleticek argitaratutako oharrean De Marcosen kirol ibilbidea goraipatzeaz gain, gizarte arloan egindako haren lana ere nabarmentzen du: "Taldekideek eta zaleek partekatzen duten pertenentzia-zentzuaren transmisio-katean, Oscar de Marcos katebegi erabakigarria da. Modu ezin hobean ordezkatzen du Athleticen nortasuna, munduan bakarra, eta hala aitortzen dute bazkideek eta zale zuri-gorriek".