Publizitatea
Itxi

2016/01/23

09:42

Donostia 2016

Inaugurazio ekitaldia

Danbor hotsak, Donostia 2016ren hasiera ekitaldien atarian

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

eitb.eus, ETB-2, Radio Euskadi eta Euskadi Irratiak zuzenean eskainiko dute 20:00etatik aurrera Maria Cristina zubian egingo den inaugurazio ekitaldi publikoa.

2:10
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Dena prest dute Donostian, Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzari hasiera ofiziala emateko. Arratsaldeko seietan ekitaldi instituzionala egingo da Victoria Eugenia antzokian eta, 20:00etatik aurrera, berriz, "Elkarbizitzaren zubia" ikuskizuna izango da ikusgai Maria Cristina zubian, Hansel Cereza artistak gidatuta.

Dena den, asteazkenean hasi ziren inaugurazio ekitaldiak. San Sebastian Egunari hasiera ematen dion Banderaren Igoerarekin bat etorriz, Donostiak hasiera eman zion 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio-agendari. 80 ekintza baino gehiago jasoko dira egitarau berezi baten, besteak beste, kontzertu-aretoak, klubak, arte-galeriak, museoak, elkarte artistikoak, jaialdiak eta hiriko bestelako eragile batzuk lagundu dute egitarau hau prestatzen.

Danborraden elkarretaratzea, Kontxan

Danborraden elkartze jendetsua egin dute eguerdian Kontxako pasealekuan, herritarrei inaugurazio-ekitaldietan parte hartzeko deia egiteko. Konpainiak 11:30ean atera dira hiriko puntu ezberdinetatik eta horiek guztiak Kontxa hondartzan elkartu dira.

Guztira, 105 konpainia eta 6.500 danbor jotzaile elkartu dira Kontxa hondartzan.

Ekitaldi instituzionala Victoria Eugenian

18:00etatik aurrera Victoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldi instituzionalak emango dio hasiera ofiziala hiriarentzat berezia izango den urteari. Bertan, Europako Batzordeko ordezkari batek Donostiari 2016ko Europako Kultur Hiriburu izaera bermatuko dion plaka bat entregatuko dio modu ofizialean.

Ekitaldiko protagonistak, Donostia 2016 fundazioa babesten duten erakundeak izango dira. Eneko Goia, Donostiako alkatea; Iñigo Urkullu, lehendakaria; Iñigo Méndez de Vigo, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa; Markel Olano, diputatu nagusia; eta Martine Reicherts, Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura sailetako zuzendari orokorra egongo dira.

Horrez gain, Donostia 2016 proiektuaren ordezkariek ere hartuko dute hitza: Pablo Berásteguik, Donostia 2016ren zuzendari orokorrak; eta Xabier Payak, Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak.

Ekitaldian, musika, dantza eta baita arte plastikoen erakustaldia egongo da Demodé Quartet, Txema Esteban, Kukai Dantza Taldea eta Clara Muñoz eta Maialen Egiazabal biolontxelo-jotzaileen eskutik. Guzti hau, Patxi Barco aktore, zuzendari eta errealizadorearen zuzendaritzapean egongo delarik.

Beharrezkoa izango da akreditazioa izatea erakunde-ekitaldi honetara joan ahal izateko.

Inaugurazio ekitaldi publikoa Maria Cristina zubian

Inaugurazio ekitaldi nagusia arratsaldeko zortzietan Maria Cristina zubian egingo den "Elkarbizitzaren zubia" izango da, Hansel Cereza artistak sortutakoa.

Cerezak, 1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoen inaugurazio-ekitaldiaren ikuskizuna diseinatu zuenak, konplexutasun tekniko handiko ikuskizun bat prestatu du, eta herritarren parte-hartzea bilatu du.

Ekitaldian, Hiriburutzaren helburuak irudikatuko dituen argi eta soinuzko Elkarbizitzaren zubi sinbolikoa eraikiko da. Zuzendari katalanak esan duenez ?sekula ez da inaugurazio-ekitaldi batean herritarrak ikusle huts izatetik protagonista izatera pasatzeko apustua egin, ez, behintzat larunbatean egingo dugun moduan?. Elkarte kultural eta sozialek rok garrantzitsua izango dute ikuskizunean.

Hansel Cerezaren emanaldiak, euskal kultura eta Herritmo ikuskizunean, Oreka TX, Kalakan eta Kukaiekin batera sortu zuen ikuskizuna, zuzendari artistiko gisa egindako lana oinarritzat hartu du.

Ikusleak parte hartzera gonbidatuta daude, horretarako, Maria Kristina zubiaren inguruan 50.000 flyer banatuko dira Mikel Laboaren "Baga, biga, higa" abestiaren letrarekin. Abesti honek garrantzi berezia izango du ospakizunean.

Jarraitu ekitaldi nagusiak, zuzenean, EiTBn

ETB2k, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dituzte larunbat arratsaldeko ekitaldi nagusiak. ETB2ko saio berezia 19:40ean hasi eta 21:00etan amaituko da. Halaber, emanaldi osoa streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.

Bestalde, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere saio bereziak egingo dituzte Donostiatik.

19:30etik 20:30era inaugurazio ekitaldiaren kontakizuna egingo dute Arantxa Kalzadak, Tere Belokik eta Arantxa Artzak Euskadi Irratian, Olatz Beobideren komentarioekin eta laguntzarekin.

Bestalde, Radio Euskadik ere zuzenean eskainiko du irekiera ekitaldia, iluntzeko zortzietatik aurrera, Juan Carlos de Rojok gidatzen duen 'La Galeria' saioaren barruan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;