Bitxikeriak -
Palestina
Israelen eroritako baloia berreskuratu ahal izatea eskatu diote NBEri
Ban Ki Moon Nazio Batuen idazkari nagusiari esku hartzea eskatu diote ume palestinar batzuek; izan ere, Israelek altxatutako harresitik gora joan zitzaien baloia.
Erredakzioa
Ume palestinar batzuek Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiari idatzi diote Israelen erori zitzaien baloia berreskuratu ahal izateko. Izan ere, mutilak Kafr Suren bizi dira, Tulkaremetik gertu, Zisjordanian, eta Israelek altxatutako harresitik gora joan zitzaien baloia haietako batek jaurtiketa bat egitean, futbolean jolasten ari zirela. Umeek askotan eskatu badute ere, agintari israeldarrek ez dute baloia itzuli, eta ez diete umeei igarotzen beraiek berreskuratzeko. Hori dela eta, jolasteko eskubidea urratzen ari zaiela salatu dute.
Eremu hartan, harresia lurralde palestinarraren gainean dago altxatuta, eta horrek Kafr Sureko udalerriko zati baten konfiskatzea ekartzen du, errealitatean. Imad Zibda bertako alkateak azaldu du Israelek defendatzen duela harresia beharrezkoa dela segurtasuna bermatzeko, baina benetan nahi duena ez dela hori, baizik eta kokaleku gehiago egiteko lurralde zabalagoa izatea. Harresia 2002an hasi ziren egiten eta 700 bat kilometroko luzera du. Horren % 85 lurralde palestinarretan dago. 2004an Hagako Auzitegiak legez kontrakotzat jo zuen, okupazio militarrean anexionatutako lurrak izateagatik.