Krisi Ekonomikoa -
Kongresua
CiU, EAJ eta UPyDk PPrekin bat egin dute 400 euroko laguntza luzatzeko
PSOEk ez du jakinarazi ze erabaki hartu duen. Izquierda Pluralek eta Talde Mistoko alderdiek (Geroa Bai, Compromis, CC, BNG, ERC eta Amaiur) alde bozkatuko dute lege-proiektua baldin bada.
Erredakzioa
Kongresuak Prepara egitasmoa luzatuko duen (langabezia % 20tik behera kokatzen den arte) lege-dekretua onartuko dute gaur PPren, CiUren, EAJren eta UPyDren aldeko botoekin. Hori horrela, diru-laguntzarik gabe dauden langabeek 400dik 450 euro arteko laguntza jasoko dute aurrerantzean ere.
Izquierda Pluralek eta Talde Mistoko alderdiek (Geroa Bai, Compromis, CC, BNG, ERC eta Amaiur) alde bozkatuko dute lege-proiektua baldin bada, izan ere, talde guztiek eskatu dute lege-proiektua izatea. PSOEk, berriz, ez du iragarri zer bozkatuko duen.
Fatima Bañez Enplegu ministroak Prepara egitasmoa defendatu du, erreformen "emaitzak egonkortzen diren bitartean" Gobernuarentzat beharrezkoa baita "berehalako eragina izango duten tresnak" edukitzea, lan-merkatura iristeko arazo handienak dituztenei baliabideak eskaini ahal izateko.
Bañezek esan du "onartezina" dela langabezia-tasa, baina joera "aldatzen" ari dela eta "esperantzarako zantzuak" daudela azpimarratu du.
Horren harira, 2012ko uztailetik aurrera 275.000 langabe gehiago daudela eta 2011n, epe berean, 440.000 langabe gehiago zenbatu zirela jakinarazi du.