Krisi Ekonomikoa -
Hirugarren greba eguna
Iberiako sindikatuek ez dute mobilizazioak areagotzea baztertzen
Iberiak eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu bileran. Grebaren hirugarren egunean 60 hegaldi geratu dira bertan behera euskal aireportuetan.
Erredakzioa
Iberiako sindikatuek grebari eutsiko diote eta ez dute mobilizazioa "areagotzea" baztertzen. Horixe esan dute zuzendaritzarekin 15 minutuz bilduta egon ostean.
"Denborak aurrera egin ahala, ez dugu baztertzen mobilizazioak areagotzea", esan du Manuel Atienza UGT sindikatuko bozeramaileak eta lanuzteak bertan behera uztea "erokeria" litzakeela gaineratu du.
Konpainiak sindikatuen "eskaintzak" baloratzen dituztela esan diete Atienzak azaldu duenez, baina "tamalez" ez daudela langileek eskatzen dituzten aurrerapausoak emateko baldintzetan.
"Iberiako zuzendaritzak ez du esateko ezer ez. IAGk debekatu egin die aurrerapauso txikiena ere ematea", esan du UGTko bozeramaileak eta datorren bilerarako ez dagoela datarik zehaztu du.
Bestalde, Iberiako zuzendaritzak esan du "akordio batera" iristeko prest daudela eta "gutxinaka" jarrera hurbiltzea espero dutela,
"Konpainiaren nahia akordiora iristea da. Egongo dira aukera gehiago", esan dio Efe agentziari konpainiako bozeramaile batek bilera amaitzerakoan. Aldi berean, bileran "biltzeko data berriak" jarri direla esan du.
Rafael Catala Azpiegituren Estatuko idazkariaren ustez, gatazkarekin amaitzeko laudoaren aukera ez dela "bidezkoa" eta zuzendaritzaren eta sindikatuen artean negoziatzen jarraitzearen alde egin du.
Hegaldiak
Iberiak 257 hegaldi utzi ditu bertan behera hirugarren greba egun honetan. Loiun, Hondarribian eta Noainen, 60 hegaldi inguru dira bertan behera geratuko direnak asteazken honetan.
Beste egun batez, Bilboko langileek elkarretaratzea egingo dute. "Martxa beltza" egingo dute konpainiaren hileta antzeztuz, UGT sindikatuko iturrien arabera.
Grebaren lehen egunean, jarraipena erabatekoa izan zen sindikatuen arabera, % 100ekoa hain zuzen, eta % 70ekoa konpainiaren arabera. Tentsio uneak egon ziren eta Polizia manifestariei oldartu zitzaien: bost lagun atxilotu zituzten.
Asteartean, grebaren bigarren egunean, jarraipena % 90ekoa izan zela esan dute eta ez zen aparteko gertakaririk egon.