Krisi Ekonomikoa -

Greba Iberian

50 hegalditik gora bertan behera utzi dituzte euskal aireportuetan

Astelehen honetan grebaren bigarren asteari ekingo diote Iberiako langileek eta 1.300 hegaldi baino gehiago geldituko dira bertan behera.

Loiuko langileen protesta. EITB
Loiuko langileen protesta.
Loiuko langileen protesta. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberiak 50 hegalditik gora utzi ditu bertan behera Bilboko eta Donostiako aireportuetan astelehen honetan, konpainiak aurreikusi dituen 3.807 kaleratzeen aurka protesta egiteko aste honetarako deituta dauden bost greba egunetako lehenengoan.

Iberiak webgunean jakinarazi duenez, Bilboko aireportuan 28 hegaldi geratuko dira bertan behera eta Donostiakoan zortzi. Iruñean ere beste zortzi hegaldiri eragingo die lanuzteak. Hala ere, sindikatuek adierazi dutenez, 50 hegalditik gora geratuko dira bertan behera.

Iberiako lan-erregulazioko txostenaren arabera, Loiuko aireportuan 27 langile kaleratuko dituzte eta Hondarribikoan 3.

Loiuko langileen artean, 20 administrazioko langileak izango dira, sei pistetakoak eta mantentze-lanetarako teknikari bat. Denera, 250 lagun daude aireportuan lanean. Hondarribian ordea, kaleratuko dituzten bi lagun mekanikariak izango dira eta bat administrazioko langilea. Bertan, 36 langile daude denera.

Langile kopurua murrizteak ez du euskal aireportuetako hegaldiak gutxitzea ekarriko.

1.300 hegaldi bertan behera

Astelehen honetan grebaren bigarren asteari ekingo diote Iberiako langileek eta 1.300 hegaldi geratuko dira denera bertan behera. Bitartean, Bitartean, Gregorio Tudela bitartekariak proposamen bat noiz aurkeztuko dien zain daude bai zuzendaritza bai langileak.

Otsailean jada grebak egin zituzten aireportuko lurreko langile eta tripulatzaileei Sepla sindikatuko pilotuak batu zaizkie aste honetan.

Protesta Barajasen

Goiz goizetik Iberiako langileak La Muñoza errepideko industria-gunetik eta Barajasetik atera dira kaleratzeen aurka protesta egiteko eta T4an amaitu dute martxa.

Grebaren lehen astean manifestariak hegaldien irteeren zonan bildu ziren, baina oraingoan, agintarien bidean egin dute protesta; izan ere, Gobernuaren ordezkaritzarekin adostasunera iritsi dira aireportuaren lehen solairuan biltzea debekatu ostean.

Hala ere, T4ko irteeren zonan polizia ugari egon dira gaur eta 15 furgoneta inguruk zaindu dute gunea, batik bat Iberiako fakturazio mahaien ingurua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea