Krisi Ekonomikoa -
Aurrekontuak
Portugaleko presidenteak Gobernua babestu du
Gobernuak "Konstituzionalaren epaia onartuko du ados egon ez arren", eta ondorio negatiboak izango dituela ohartarazi du.
Erredakzioa
Anibal Cavaco Silva Portugaleko presidenteak egungo Gobernuaren jarraipenaren alde egin du, Coelho babestuz.
Ohar batean esan dutenez, "Gobernuak agintaldiari eusteko baldintzak betetzen ditu", era honetan, Gobernuan krisia sortzea saihestu du.
Cavaco Passos Coelhoren alderdi berekoa da, PSD alderdikoa hain zuzen, eta "premiazko" bilera egin ostean bidali du oharra.
Ordu batzuk lehenago, Coelhok Konstituzionalak eman duen epaiak herrialdea arriskuan jartzen duela esan du.
Ministro Kontseiluko kideekin hiru orduz baino gehiago bilduta egon ostean, Luis Marques Guedes Estatuko idazkariak agerraldia egin du galderarik gabeko prentsaurrekoan. Bertan esan duenez, Gobernuak" Konstituzionalaren epaia onartuko du ados egon ez arren, baina ondorio negatiboak izango ditu".
Horren iritziz, datorren astean Dublinen Europako Ekonomia eta Finantza ministroek egingo duten bileran, Portugali emandako maileguen epeak luzatzeko egindako ahaleginei kalte egingo die epaiak.
Izan ere, Portugalgo aurrekontuetako zenbait murrizketa eta neurri legez kanpokoak direla erabaki du ostiral honetan Auzitegi Konstituzionalak. Portugalgo Gobernuak finantza erreskatearen baldintzak betetzeko murrizketak sartu zituen aurrekontuetan.
Horrela, Pedro Passos Coelhoren Gobernu kontserbadoreak defizit publikoaren helburuak betetzeko beste bide batzuk bilatu beharko ditu. Erabakiak urtarrilaren 1eko neurrietan eragina izango du eta defizit publikoak puntu bat gora egin dezake bat-batean.
Funtzionarien eta pentsiodunen aparteko bi ordainsariak kentzea eta langabezia (% 6) eta gaixotasun (% 5) laguntzei egindako murrizketak Konstituzioaren kontrakoak direla erabaki du Auzitegiak.
Auzitegiko magistratuek, ostera, 2013ko aurrekontuetako beste dozena bat murrizketa legezkotzat jo dituzte. Aurrekontu horiek Portugalgo historiako gogorrenak dira.