Krisi Ekonomikoa -
Caja Madrid
Blesa baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du epaileak
Caja Madrideko presidente ohia Soto del Realeko espetxera eraman dute 23:00ak aldera. Manos Limpias kolektiboak eskatuta erabakia hartu du Elpidio Jose Silva Madrilgo epaileak.
Erredakzioa
Elpidio Jose Silva Madrilgo epaileak Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohia baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du gaur. Floridako (AEB) City National Bank (CNB) entitatearen erosketa ikertzen ari den auzian deklaratu behar izan du Blesak, akusazioko iturriek jakitera eman dutenez.
Caja Madrideko presidente ohia Soto del Realeko espetxera eraman dute 23:00ak aldera.
Manos Limpias kolektiboak eskatuta erabakia hartu du Silvak. Blesaren deklarazioak ia hiru orduko iraupena izan du. Auzi berarengatik epaileak Blesa kartzelara bidali zuen maiatzaren 16an. Inputatu gisa berriz deklaratzera deitu zuen atzo bertan.
Blesa "aske egongo balitz" ikerketako eginbide batzuk "arriskuan" izango liratekeela azaldu du Silvak erabakia azaltzeko.
Hala ere, epaileak ez du Ildefonso Sanchez Barcoj Caja Madrideko finantzen zuzendari ohiaren aurka kautelazko neurririk hartu. Sanchez inputatu gisa galdekatu du Silvak, eta Manos Limpias kolektiboak bermerik gabe espetxera bidaltzea eskatu du.
Sanchez Barcojen eta Blesaren aurka kautelazko neurriak hartzearen aurka azaldu da Fiskaltza. Fiskaltzaren esanetan, baldintzarik gabeko espetxea ezartzeko baldintzarik ez zen ematen: ihes egiteko, frogak deuseztatzeko edo delitua errepikatzeko arriskua.
AEBetako bankua erosi baino lehen posta elektronikoak trukatu zituzten inputatuek eta epailearen galdeketa horren inguruan izan da.