Politika -
Ordainketak
Caja Madrideko buru zela PPren dirurik jaso izana ukatu du Blesak
1994an, Caja Madridera iritsi aurretik, 9.000 euro jaso zituela onartu du, ''behar bezala aitortutako'' zerbitzu profesionalak ordaintzeko. Blesaren adierazpena bat dator PPren azalpenekin.
Erredakzioa
Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiak ''erabat'' ukatu du kutxa horretako presidente izan zen bitartean Alderdi Popularraren dirurik jaso izana. 1996ko irailetik 2010eko urtarrila arte izan zen Blesa Caja Madrideko presidente.
Idatziz EFE agentziari helarazi dion adierazpen baten arabera, ''orain ia 20 urte, zehazki 1994an'', 9.000 bat euro jaso zituen, PPk ordainduta, ''behar bezala aitortutako'' zerbitzuak ordaintzeko. Blesak azpimarratu duenez, Caja Madrideko presidente izan aurretik izan zen hori.
"Inongo araudirik ez zidan lan hori egitea debekatzen'', gaineratu du.
PPk ere ukatu egin du
Caja Madrideko presidente ohiaren adierazpena bat dator gai honen inguruan Alderdi Popularrak ordu batzuk lehenago kaleratu duen azalpenarekin. Horren arabera, PPren kontabilitatean Blesari egindako ordainketa ''bakarra'' dago, 1994an egindako lan profesional baten truke. 9.000 euro jaso zituen Blesak, PPk baieztatu duenez.
Hala, Alderdi Popularrak ere ukatu egin du Caja Madrideko presidente zen bitartean ordainketarik egin izana, komunikabide batek kaleratutako informazioa ezeztatuz. Informazio horren arabera, 594.000 euro jaso zituen, ustez, Blesak, Caja Madrideko presidente zen bitartean.