Ekonomia -
Zaldikia
EBk disuasio-zigorrak eskatu ditu haragiaren iruzurra ekiditeko
Halaber, Tonio Borg Europako Osasun ministroak esan duenez, “gai hau ez dago elikagaien segurtasunarekin lotuta, iruzur ekonomikoarekin baizik”.
Erredakzioa
Tonio Borg Europako Osasun komisarioak Europar Batasunari "disuasio-zigorrak" ezartzea eskatu dio, behi haragiarekin etiketatutako produktuan zaldiarena jartzen duten iruzur ekonomikoaren erantzuleen aurka, iruzur gehiago ekiditeko.
"Disuasio zigor egokiak jartzea delitu mota horiek ekiditeko neurrietako bat da", azaldu du Borgek, Europar Batasuneko Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
"Neurri zorrotzak izatean disuasio-elementua aurkitu dezakegu", nabarmendu du Europako komisarioak.
Halaber, Europar Batzordeak zigorrak jartzeko ahalmenik ez duela gogoratu du, baina bai estatu kideek, alimentuen etiketari buruzko Europako zuzendaritza aplikatzean.
Horren haritik, herrialdeek zuzendaritza "era ezberdinetan" aplikatzen dutela adierazi du: "batzuk beste batzuk baino zorrotzagoak dira".
“Herrialdeek zigor gogorragoak jartzea espero dut”, laburbildu du.
"Iruzur ekonomikoa"
Bestalde, Borgek argi utzi du, Estatu kideei egindako ebaluazioen ostean, "gai hau ez dago elikagaien segurtasunarekin lotuta, iruzur ekonomikoarekin baizik".
Komisarioak azaldu duenez, produktu batzuetan "zaldiki kopuru handia" aurkitu da, eta testak egiten jarraituko dutela gaineratu du, fenibutazonaren (antiinflamatorio bat) presentzia dagoen jakiteko.